Hiru egun beranduago, aurkari bera, baina final-laurdenak helburu
Errepikapena dirudi, baina ez da hala, Betisek eta Realak elkarren aurka jokatuko dute berriz gaur, hilaren 26an, baina oraingoan, Kopako partida izango da. Duela hiru egun, larunbatean, Anoetan jokatu zuten andaluziarrek eta donostiarrek Ligako norgehiagoka, eta txuri-urdinek kontrolpean zutela zirudien arren (2-0 irabazten ari ziren 85. minutuan), Sevillakoek neurketa berdindu zuten azken minutuetan, Canalesen eta Joaquinen golekin.
Horrela, Kopako final-zortzirenetako neurketa parekatua izango dela aurreikusten da, bi taldeak aurkari zuzenak baitira Ligan: Reala seigarren sailkatua da 31 punturekin, eta Betis zortzigarrena, 27 punturekin. Gaurkoan, Kopako finalerako bidean pauso bat gehiago ematea dago jokoan, partida bakarreko kanporaketa baita; Benito Villamarin estadioan jokatuko da, Betisen etxean.
Andaluziarrek partida gehiago jokatu dituzte aurtengo Kopan, lehenengo fasean Mutilvera garaitu baitzuten, eta final-hamaseirenetan Sporting de Gijon izan zuten aurrean, baita garaitu ere. Realak, aldiz, lehenengo fasea ez zuen jokatu behar izan, Superkopa jokatzen ari zelako; beraz, partida bakarra jokatu dute txuri-urdinek orain arte txapelketan, Kordobaren aurkakoa. Gogoratu beharra dago Realak oraindik jokatzeke duela Athleticen aurkako iazko Kopako finala; apirilaren 4an jokatzea aurreikusten da.
Imanol Alguacilek jokalari garrantzitsuenak eramango ditu Sevillara Betisen aurka jokatzeko, eta, berritasun gisa, Carlos Fernandez aurrelari fitxatu berria deialdian sartu du, beraz, baliteke debuta egitea.