Parte Zaharreko istiluen inguruko udal adierazpena ez dute alderdi guztiek babestu
Donostiako Udalak Parte Zaharreko istiluen inguruko adierazpen instituzionala onartu du gaurko Bozeramaileen Batzordean. EAJ, PSE-EE eta PP alderdiek babestu dute hiru puntuko adierazpena. PPren udal taldeak aurkeztu zuen proposamena pasa den astean, eta udal gobernuko bi alderdiek sinatu zuten. Adierazpenaren bidez, istiluak gaitzetsi eta Udaltzaingoari zein Ertzaintzari babesa adierazi diete.
EH Bilduk adierazpen propioa aurkeztu du, baina ez du babesik jaso. Erantzukizuna osasun arauak betetzen ez dituzten pertsonei ez ezik, Ertzaintzari ere eskatu behar zaizkiola azpimarratu du Reyes Carrere bozeramaileak: “PPren mozioa ez zen batere orekatua, eta horregatik erabaki dugu geure mozioa erregistratzea; izan ere, osasun arauak ez urratzeko herritar guztiei erantzukizuna eskatzeaz gain, eta gertatzen ari diren istiluen aurrean gure ezinegona eta desadostasuna adierazteaz gain, polizia indarren eta erakundeetako arduradunen erantzukizuna ere eskatu dugu”.
Era berean, egun hauetan zauritu diren “pertsona guztiak ahalik eta lasterren sendatzea” espero dutela gaineratu du Carrerek. Adierazpenaren bozketan, EH Bildu abstenitu egin da lehen bi puntuetan, eta hirugarrenaren alde bozkatu du.
Elkarrekin Donostiak, berriz, lehen eta hirugarren puntuen alde egin du, eta bigarren puntuan abstenitu dira. Ez dute bere osotasunean babestu justifikazioan gazteriaren “kriminalizazio bidegabea” egiten duelako. “Gertaturikoa gaitzesten eta salatzen dugu, baina osasun arauak gutxiengo batek urratzen dituela uste dugu”, adierazi du Aitzole Araneta bozeramaileak. Bigarren puntua ez babesteko arrazoiak ere azaldu ditu: “Poliziaren jokabidea babesten duen puntuan abstenitu gara, proportzionala izan zen edo ez zalantzan jartzen dutelako Parte Zaharreko istiluen irudiek”.