"Alde bakarreko erabakiei planto" egin diete Osakidetzako langileek

Osakidetzako langileek greba eguna dute gaur Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban. Osasungintzako hamarnaka langilek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Bulebarrean, Kalitatezko osasun publikoaren eta langileen eskubideen alde lelopean. Osasun sistema publiko sendoa eta kalitatezkoa aldarrikatu dute, eta lan-baldintza onak eskatu dizkiote Osakidetzari. Gainera, salatu dute Osakidetzak ez diela “jaramonik” egiten: “Osakidetzako langileok ezetz esan behar diogu Osakidetzari: planto egiten dugula eta horrela jarraituko dugula, despostismoaren eta alde bakarreko erabakien aurka antolatuta eta batuta”.
“Jasanezinak diren lan kargak, behin-behinekotasuna, lanean gure osasuna babesteko baliabideen eskasia, eta anbulantzien, garbiketaren, proben, kontsulten eta ebakuntzen pribatizazioa” salatu dute Bulebarrean bildutako langileek. SATSE, ELA, LAB, UGT, CCOO eta ESK sindikatuek aldarrikapen bateratua egin dute.
Erantzukizuna hartzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari: “Gehiago txertatu ez izanaren azalpena baliabide eta azpiegituren falta da: beraien erantzukizunak beraien gain hartu behar dituzte. Lanak bikoiztu ditugu eta jaiegunetan lan egin dugu, gure osasuna arriskuan jarriz, guzti hori behar-beharrezkoa zela ulertu dugulako. Osasun-krisi garaian guzti hori eta gehiago egin dugu, baina ez diogu gure eskubideak exijitzeari utziko. Era berean, ez diogu utziko euskal osasun publikoan egindako inbertsio defizitarioaren ondorioz urteetan zehar sortu diren egiturazko gabeziak sortzeko beharrezkoak diren baliabideak eskatzeari”.
Osakidetzaren eta sindikatuen arteko negoziazioa da adostasunerako bidea, sindikatuen arabera.
Bulebarrean bildutako Osakidetzako zenbait langilek bizi duten egoera kontatu digute.