Altzako Santa Barbara auzoko instalazio elektrikoa kentzeko eskatuko dute

Argindar azpiestazio bat dago Altzako Santa Barbara auzoan, Felix Iranzo kaleko azken etxeen alboan. Han bizi diren auzotarren aspaldiko nahia da instalazio elektriko hori kentzea, pertsonentzat arriskutsua dela uste dutelako. EH Bilduren ekimenez, eskaera urtarrileko udalbatzarrean landu dute, eta udalbatzak aho batez onartu mozioarten puntuetako bat. Zehazki, Eusko Jaurlaritzari txosten bat eskatuko dio udalak, estazioa lekutik urruntzeko aukera dagoen azter dezan.
Iaz, udal gobernuak jakinarazi zuen aparkaleku berri bat eraikiko zuela Felix Iranzo eta Sasuategi kaleak batzen diren inguru horretan, eta horretarako, kendu egingo zituela aipatu azpiestazio horretatik abiatzen diren tentsio ertaineko bi argindar dorre, eta hariak lurperatu egingo zituela. Aparkalekuaren eskaera Altza Osasuntsuagoaren Aldeko Plataformako kideek eta Harria Berriko (Arriaga Berri) auzotarrek egin zuten, kiroldegi berriaren lanengatik aparkatzeko toki asko kendu delako.