Antton Troitiño askatzeko eskatu dute Antiguan eta Intxaurrondon
Sare herritarrak deituta, Antton Troitiño preso donostiarra askatzeko eskatzeko elkarretaratzeak egin dituzte Donostian, Antiguako Gaskonia plazan eta Intxaurrondoko Txaran. Izan ere, Troitiñok gaixotasun larri bat pairatzen du, eta Etxerat mugimenduak berriki jakinarazi duenez, kimioterapia tratamendua uztea erabaki du, ez delako “bideragarria” espetxeko baldintzekin. Troitiñoren askatasuna eskatzeaz gain, preso gaixo guztiena ere aldarrikatu zuten atzoko elkarretaratzeetan.
Antton Troitiñoren egoerak okerrera egin duela azaldu du Etxeratek: “Estremerako espetxetik ospitalera lau aldiz eraman dute kimioa jasotzeko, ondoren espetxera itzularaziz. Baldintza desegoki eta gogorretan dago presoa, eta aske utzi arte kimioterapia etetea erabaki du, bere gaitza duintasunez eta bermez tratatu ahal izateko eta bere senideengandik hurbil”.
Bi aste baino gehiago pasa dira Espainiako Auzitegi Nazionalak Antton Troitiño Intxaurrondoko euskal presoari hirugarren gradua eman zionetik, pairatzen duen gaixotasun larria dela eta. Ordea, Madrilgo Estremerako kartzelan jarraitzen duela salatu du Etxerat mugimenduak.