DBHko 4. mailako ikasleak LHko 1. mailakoen bidelagun
Joan den urtea, martxotik aurrera, ikasturte latza izan zen guztiontzat. Koronabirusa iritsi zen gure bizitzetara eta etxean konfinatu gintuzten. Hala ere, gure ohiko hezkuntza lanarekin aurrera jarraitu genuen eta heldu egin genion klaseak online egiteari. Guztiontzat ezohikoa bazen honela lana egitea, distantzian, zer esanik ez txikienentzat. Etxean, beti behar zuten guraso edota helduren bat inguruan lan egin ahal izateko. Egoera hura hobetu asmoz, DBHko 4. mailako Proiektu Tailerreko irakaslea zer egin pentsatzen jarri eta hauxe otu zitzaion: konfinatuko bagintuzte, DBHko 4. mailako ikasleak LHko 1. mailako ikasleen bidelagun izatea.
Hasieran, ez zen lan erraza izan, konfinatu aurretik LHko 1. mailako ikasleek DBHko 4. mailakoak ezagutu behar baitzituzten; bestela, nola izan bidelagun, nor ziren ez bazekiten? Oztopo ugari genituen, ordea: koronabirusa, burbuilak ez haustea, ordutegietan bat egitea, ordu kopurua… Dena den, aurrera egin genuen eta oztopo guztien gainetik, lortu genuen txikiek beraien bidelagunak ezagutzea
Lehen kontaktuak goxoa izan behar zuen, txikiei zaharrenekin aritzea gustatu behar zitzaien; horregatik, zaharrenek mimatu egin beharra zuten beraien aurkezpena. Hortaz, norberak bere burua aurkezteko bideotxo atsegin bat prestatu zuen eta, ondoren, andereñoen bidez, txikiei helarazi. Denbora behar izan zuten bideotxoak ekoizteko. Lehendabizi gidoia prestatu behar zuten: zer esan txiki horiei? Nola? Zerk erakarriko zituen eta, era berean, gozamena, ziurtasuna eta konfiantza eman?
Halaber, bideo horrek elkar ezagutzeko aukera ere eman behar zien. Honenbestez, bertan, ikasle zaharrenek, beraien aurkezpenez gain, gaztetxoei galderak ere egin zizkieten: animaliarik ba ote duten, zertara jolasten diren, zer duten gustuko… Modu horretan, txikien izaera eta bizimoduari buruzko argibideak jasoko zituzten. Hori gutxi balitz, irakasleek ikasle txikiek aurkezpenak ikustean zituzten erreakzioak, keinuak eta algarak grabatu zituzten.
Berriki, beste jarduera bat ere prestatu dute. Oraingoan, DBHko 4.mailako ikasleek audioei imajinak jarriz, ipuinak grabatu dituzte txikientzat eta andereñoarekin ikusiko dituzte gelan.
Aurreko guztia gutxi balitz, proiektu honek badu Herri Ametsa Ikastolarentzat oso garrantzitsua den beste erronka: ikasle askoren familiak erdaldunak dira eta gure txikiek konfinamendu garaian ez zuten euskara erabiltzeko aukerarik izan; hemendik aurrera, aldiz, arazo hori konponduta izango dute, bidelagunarekin euskaraz arituko baitira hitz eta pitz.
Amaitzeko esan pozik dabiltzala guztiak, ilusioz, erronka berriak prestatzen. Ez dakigu konfinatuko gaituzten eta proiektua bertatik bertara frogatzerik izango dugun, baina badakigu lan ederra egiten ari direla eta elkar ezagutzen eta konfiantza hartzen ari direla.