Herrerako tren geltokiko Altzako armarria babesteko eskatu dute
Altzako eta Herrerako bizilagunen aspaldiko aldarrikapena da Herrerako tren geltokiko pasabidea eraberritzea eta geltokiko irisgarritasuna bermatzea, eta azkenean, hala egingo du Renfek. Herripe auzo elkartea eta Altzako Historia Mintegia, ordea, kezkatuta agertu dira geltokian dagoen Altzako armarriaren etorkizunarekin: “Egingo den proiektuari buruz iritsi zaigun informazioan armarriari buruzko aipamenik ikusten ez dugunez, kezkatuta gaude, armarriak hondakindegi batean amaitu dezakeelako”.
Hareharrizko armarria geltokiaren pasabidearen gainean dago, eta Villa de Altza eta Año 1932 hitzak ditu zizelkatuta. Altzako Historia Mintegiaren arabera, Altza herria zen garai hartan, eta udalbatzak 1932an onartu zuen pasabidearen eraikuntza. “Jatorrian, beraz, lurpeko pasabidea Altzako udal ondarearen zati izan zen, eta anexioarekin batera, Donostiako Udalaren inbentariora pasa zen, zeinak geroago Renferi transferituko dion”, gaineratu dute.
Horregatik, udalari eskatu diote Renferi armarriaren balioaren berri emateko: “Altzako ondare historikoaren elementu horri buruzko interesa izan dezaten, babesteko eta egungo kokalekuan gordetzeko”.