Izbe auzo elkarteak salatu du udalak entzungor egiten jarraitzen diola Intxaurrondo osoa lotuko duen autobusaren eskaerari
Dbusek Intxaurrondoko San Antonio-Montesol inguruko bizilagunentzako mikrobus bat jarriko du, Morlansko 46 linea Intxaurrondorekin lotuta, Noticias de Gipuzkoa hedabideak argitaratutako informazioaren arabera. Izbe auzo elkartea, aldiz, haserre agertu da, udalak entzungor egiten jarraitzen diola auzoko aspaldiko aldarrikapen bati: Intxaurrondo osoa lotuko duen autobus linea (‘Intxaurbusa’) jartzeari. Gipuzkoako hedabideak argitaratutako informazioaren arabera, udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak aste honetan onartuko du Montesol gunearen espazio bat mikrobus horren geltoki bat jartzeko ahalbidetzea; mikrobusa abiaraztea 2019an onartu zuten.
Auzo elkartekoek azaldu dutenez, Morlans eta Intxaurrondo lotuko dituen linea “San Antonio-Montesol zonako bizilagunak [1.500 inguru] hiriko beste lekuetara eramateko izango da”, baina ez ditu auzoko beste guneekin lotuko. “Udalak linea berri honen ibilbidea bere kabuz asmatu du. Egitasmo horri buruz hitz egin zigun, guk egiten genuen eskaeraren alternatiba zelakoan. Oso garbi adierazi genien zein den aldea”, gaineratu dute. Izan ere, auzo elkarteak aspalditik salatu izan du Intxaurrondoko zona batetik bestera joatea zaila dela bizilagun askorentzat, garraio publikoaren faltarengatik, eta ‘Intxaurbusa’-ren ibilbidearen proposamena aurkeztu zioten udalari; era berean, linea horren aldeko 2.000 sinaduratik gora bildu zituzten.