Donostiako Udalak Loiolako kuartelen lursaila bereganatzeko prozesua abiatu du
Donostiako Udala eta Espainiako Defentsa Ministerioa harremanetan jarri dira Loiolako kuarteletako lursaila udalaren menpe gelditzeko prozesuari hasiera emateko. Oraindik ez dute prezioarik zehaztu, baina udalak hamabost milioi euro aurreikusi ditu 2021ean oraindik Defentsa Ministerioarena den lursaila erosteko.
Eneko Goia alkatea eta Esperanza Casteleiro Estatuko Defentsa Idazkaria Madrilen bildu ziren atzo, hilaren 1ean, eta batzorde tekniko bat eratzea adostu zuten. Orubearen aprobetxamenduaren balorazioa egingo du batzorde horrek, udalak ordaindu beharko duen prezioa zehazteko. Hain justu, lursailak hirigintza aprobetxamendurako duen balioa aztertuko dute, eta aintzat hartuko dute etorkizunean orubean garatuko duten hirigintza plana.
Espainiako Defentsa Ministerioak iaz erabaki zuen 2021ean kuartelek lursaila udalaren menpe uzteko prozesua abiatuko zuela, EAJk gobernuaren aurrekontuen alde bozkatzearen truk. Udalaren aspaldiko aldarrikapena da, Urumeako ibarrean urbanizatzeko gelditzen den azken lursaila baita kuartelena. Orain arte, aldiz, Defentsa Ministerioak ez zituen ontzat jo udalak kuartelentzako proposatutako lursail alternatiboak. Azkenean, ibaiaren beste aldean eraikiko dituzte kuartel berriak, hipikaren lursailean, Defentsa Ministerioarena baita orube hori ere.
IRUTXULOKO HITZAk Loiolako kuartelen inguruko erreportajea argitaratu zuen iazko abenduan, auzoko hainbat bizilagunekin hitz eginda, besteak beste.