Intzidentzia metatuak behera egin du Donostian, hainbat astetan lehen aldiz
Azken 14 egunetako intzidentzia 577,33koa da hirian. Duela bi egun, berriz, 581,72koa zen. Kutsatze kopuruari dagokionez, 52 koronabirus kasu atzeman dituzte.
Donostiako COVID-19aren inguruko informazioa plazaratu du Eusko Jaurlaritzak, eta 52 koronabirus kasu atzeman zituzten atzo. Intzidentzia metatuaren goranzko joera eten da hainbat astetan lehen aldiz. Izan ere, une honetan 577,33koa da, eta duela bi egun 581,7koa zen; ostegunean, berriz, 548,82koa zen. Dena den, datozen egunetan datuen bilakaera ikusi beharko da joera aldaketa bat dagoen ala ez baieztatzeko.
Intzidentzia metatuak proportzio bat neurtzen du; alegia, zenbat pertsona gaixotu diren azkeneko hamalau egunetan zati zenbat pertsona osasuntsu zeuden periodo horren hasieran; ondorioz, birusaren kutsatzen abiadura erakusten du. Jaurlaritzaren irizpideen arabera, kopuru hori 500dik gorakoa denean, leku hori gune gorria dela esan nahi du, alegia, kutsatze maila altua dela leku horretan. Horrekin batera, intzidentzia metatuaren arrazoiak duela 14 eguneko intzidentzia metatua eta egungoa alderatzen ditu. Zenbaki hori 1 baino gehiagokoa den kasuetan, intzidentziak gora egin duela esan nahi du. Kasu honetan, zenbatekoa 1,13ekoa da. Ostegunean, berriz, 1,20koa zen. Bestela esanda, oraindik goranzko joera badago ere, joera hori gero eta txikiagoa dela dirudi.
Intzidentzia osasun eremuka
Sei osasun eremu daude 100.000 biztanleko 500 kasuen langaren gainetik: Amara Berri, Egia, Bidebieta, Gros, Ondarreta eta Parte Zaharra. Zenbatekoak behera egin du Amara Berrin, Bidebietan, Grosen, Ondarretan, eta Amara-Erdialdean. Loiolan ia-ia berdin mantendu da. Gainontzekoetan, gora egin du:
- Amara Berri: 689,14
- Egia: 580,14
- Parte Zaharra: 542,22
- Gros: 528,66
- Bidebieta: 527,70
- Ondarreta: 506,27
- Intxaurrondo: 481,48
- Altza-Roteta: 443,18
- Amara-Erdialdea: 393,89
- Loiola: 245,37
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
- Amara Berri: 11
- Ondarreta: 7
- Parte Zaharra: 7
- Gros: 5
- Intxaurrondo: 5
- Egia: 4
- Amara-Erdialdea: 4
- Altza-Roteta: 3
- Bidebieta: 2
- Loiola: 1