Udalak 1,8 milioi euro bideratuko ditu irabazi asmorik gabeko diru laguntzetara
Donostiako Udalak 1.809.606 euro erabiliko ditu 2021ean irabazi asmorik gabeko entitate pribatuentzako diru laguntzetarako. Gizartearen kohesiorako eta herritarren partaidetzarako duten garrantziaz jabeturik, hiriko elkarteak eta haien jarduerak bultzatzen ditu udalak.
Udaleko sailen eta Donostia Kultura tokiko enpresa erakunde publikoen aurrekontuen bidez, diru laguntzak jasotzeko aukera eskaintzen die hiriko talde, fundazio eta irabazi asmorik gabeko entitate pribatuei, hainbat arlotan egiten dituzten ekintzak gauzatzen laguntzeko asmoz. “Izan ere, talde horien ekimenek donostiarren bizi kalitatea hobetzen laguntzen dute eta, batzuetan, herri erakundeek proposaturiko ekimenen osagarri izaten dira”, azaldu du udalak.
Diru laguntza horiek deialdi bakarra dute baliabideak hobeto koordinatzeko eta eraginkortasunez kudeatzeko, eta hainbat udal arlotan banatzen dira: Gizarte Ekintza (246.400 euro), Herritarren Partaidetza (70.374 euro), Berdintasuna (82.000 euro), Gazteria (68.000 euro), Garapenerako Lankidetza eta Hezkuntza (1.105.354 euro), Giza Eskubideak eta Oroimen Historikoa (40.240 euro), Osasuna eta Ingurumena (21.560 euro), Euskara (54.260 euro) eta Kultur aniztasuna (54.150 euro), Baita Donostia Kultura tokiko enpresa erakunde oublikoarenak ere (67.268 euro).
“Diru laguntza horien bidez, gobernu programaren konpromisoei heldu eta herritar demokratikoen balioak bultzatzen dituzten proiektuak sustatu nahi dira. Izan ere, hiriek leku egokia eskaini behar diete pertsonei aurrera egiteko, ingurunea aintzat hartu eta errespetatzeko, beren jakinduria eta kultura handitzeko eta errespetuan eta tolerantzian oinarritutako mundu baketsu baten konpromisoa hartzeko”, dio udalak.