Fernando Mujikaren omenezko plaka jarriko du udalak San Martin kalean
Donostiako Udalak Fernando Mujika Herzogen omenez plaka jarriko du larunbatean, San Martin kalean. Abokatu eta PSOEko militante historikoa 1996an hil zuen ETAk atentatu batean. Udalak Donostian terrorismoaren eta bortizkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko egitasmoaren bederatzigarren plaka izango da.
Plaka jartzeko ekitaldia 12:00etan izango da, San Martin kaleko 11. eta 13. zenbakien artean. Gainerako ekitaldien antzera, omenaldi xumea izango da, eta han izango dira Eneko Goia alkatea eta udal taldeetako ordezkariak.
Orain arte, ondorengo pertsonak oroitzeko honako plakak jarri dira erailak izan ziren tokietan: Juan Maria Araluze, Jose Maria Elizegi, Antonio Palomo Perez, Luis Francisco Sanz Flores, Alfredo Garcia González, Gregorio Ordoñez eta Francisco Martin Gonzalez – guztiak ETAk erailak -, eta Begoña Urroz Ibarrola – DRIL talde armatuak eraila -.