Parte Zaharrean Bizik ostalaritza establezimenduetako toldoen auzian udalaren jarrera kritikatu du
Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak “oso larritzat” jo du Parte Zaharreko toldoen auzian Udal Gobernuak izandako jarrera. Besteak beste, kritikatu du EAJk eta PSEk “bere betebeharrak bete gabe” jarraitzen dutela, “gatazka honetatik kanpo” baleude bezala.
Bizilagun elkarteak bederatzi urte daramatza udal legea bete eta toldoak betirako kentzeko eskaeragatik borrokan. Duela aste batzuk, zehazki, urtarrilaren 25ean, Donostiako Administrazioko Auzien 2. zenbakiko Epaitegiak urtarrilaren 25an argitaratu gaiari lotutako epai bat argitaratu zuen. Horren arabera, Parte Zaharreko ostalaritza establezimenduetako toldoak “legez kanpokoak eta klandestinoak” dira, eta beharrezko kasuetan “zigorrak” ezarri daitezke. Epaia Gipuzkoako Ostalarien Elkarteak aurkeztutako errekurtso bati lotuta zegoen, toldoak ez kentzeagatik 600 euroko isunak jaso baitzituzten. Abisua 122 establezimenduk jaso bazuten ere, errekurtsoa soilik 42k aurkeztu zuten. Epaiak, berriz, errekurtsoa baztertu eta arrazoia eman dio auzo elkarteari, baita Donostiako Udalaren araudiari ere.
Geroztik, udalak adierazpenik egin ez izana salatu du auzo elkarteak. Horrekin batera, araudi berri bat ateratzeko asmoa dutela kritikatu dute, non ostalariek toldoak izan ditzaten jaso dezaketen. Hirigintza arauak eta udal ordenantzak “interes orokorraren mesederako” baino, “sektore jakin baten interes partikularraren mesederako” onartzen direla gaitzetsi dute.
Epaia argitaratu badute ere, ostalariek errekurtso bat aurkeztu dezakete EAEko Justizia Auzitegi Nagustian, bizilagun elkartearen hitzetan, “denbora irabazteko, epaia legez geldituta dagoela justifikatzeko”.