1919ko Amarako emakumeen greba
XX. mende hasierako Amara periferikoa, langilea eta borrokalaria zen. Hala erakutsi zuten 1919an Miguel Telloren zapata fabrikako langileek. Denak emakumeak ziren, eta soldata igoera eskatzeko greba egin zuten.
Amara mende batean asko aldatu da. Gaur egun Donostiaren erdigunean dago, eta, betiko bizilagunak auzoaren herri izaera mantentzen ahalegintzen badira ere, ezin uka gentrifikazioa auzoko bizilagun bihurtu dela. XX. mendearen hasieran, berriz, Amara periferian zegoen, Donostiaren amaieran. Horrek bertako bizilagunen soziologian ere eragina zuen. Izan ere, Erdialdean eta Mirakontxan aberatsak bizi ziren eta Espainiako Estatuko aristokraziak udako etxeak zituzten. Amaran, berriz, langileak bizi ziren: trenbideak eta Erdialdeko etxeak eraikitzera etorritako langileak eta inguruko baserrietako bizilagunak, haien etxeak desagertu eta gero. Langile auzoa zenez gero, bizi-baldintza ankerretan bizi ziren bizilagunak.
Miguel Telloren zapata fabrika Arroka kalean zegoen, eta lantegiko langile guztiak emakumeak ziren. Greba entzutetsua egin zuten 1919an.
Soldatak igotzeko eskatu zuten grebaren bidez. Miguel Tellok ez zien haien eskakizunei erantzuten, eta zenbait egun greban pasa eta gero, lanean geratu ziren lau emakumeri greba egiteko eskatzera joan ziren. Horiek ez zuten onartu, eta gobernadore zibilari deitu zioten babes eske. Polizia agertu zen eta bi emakume atxilotzeari ekin zioten. Emakumeek aurre egin zieten, baina langile bat zauritu zuten poliziek, eta beste bat atxilotu.
Auzoaren babesa
Gertatutakoa salatzeko, 2.000 pertsonak manifestazioa egin zuten, emakume zapatagileak aurrean zihoazela. Okendo kalean zegoen Gobernu Zibilaren aurrera joan ziren, eta egindako presioaren ondorioz, atxilotutakoa aske utzi zuten.
Gau hartan, emakume talde bat lankidea zauritu zuen poliziaren etxera joan ziren, eta leihoetako kristalak hautsi zizkioten. Handik egun gutxira, akordio batera iritsi ziren Miguel Tello eta grebalariak.