Inkesta: zergatik ari zara euskara ikasten?
Yago Fuentes
Antigua
“Betidanik eduki dut gogoa euskara jakiteko, baina zail samarra da niretzat. Maisu izateko ari naiz ikasten”
Ni euskara ikasten ari naiz maisu izan nahi dudalako. Bi urte daramatzat euskara ikasten. Hala ere, euskaltegitik kanpo ez dut euskara asko erabiltzen. Nire familiakoak ez dira euskaldunak; badaukat jende euskalduna nire inguruan, baina normalean erdaraz hitz egiten dut. Betidanik eduki dut gogoa euskara jakiteko, baina zail samarra zaila da niretzat.
Aiora Peña
Antigua
“Aurten hasi naiz euskara ikasten tituluak atera nahi ditudalako, baina nire lanerako ez dut behar”
Euskara ikasten hasi naiz tituluak atera nahi ditudalako, baina nire lanerako ez dut behar. Aurten hasi naiz euskara ikasten. Lehen banekien, ikastolan ikasi genuelako. Etxean ez dugu hitz egiten, eta institutuan eta unibertsitatean galdu egin nuen, dena gaztelaniaz egiten genuelako. Nire senarra ataundarra da, eta badaki euskaraz, baina etxean ez dugu ia euskaraz hitz egiten. EGA atera nahiko nuke.
Joseba Adrada
Antigua
“Beti ibili naiz euskara ikasten, lagunekin eta kuadrillan. Orain euskaltegian hirugarren urtea dut”
Bilbon jaio nintzen, baina beti bizi izan naiz Donostian. 40 urte daramatzat hemen bizitzen: errealzalea naiz. Beti ibili naiz euskara ikasten, lagunekin eta kuadrillan, baina orain denbora. daukat eta euskaltegian hirugarren urtea dut. Nire inguruan euskara hitz egiten duen jendea dago, eta euskaltegian ikasten dudana erabiltzeko ohitura dut.
Laura Ciriza
Antigua
“Betidanik euskaraz hitz egiten eta ulertzen jakin nahi izan dut, eta denbora daukadanez orain, ikasten ari naiz”
Betidanik euskaraz hitz egiten eta ulertzen jakin nahi izan dut, eta denbora daukadanez orain, euskara ikasten ari naiz. Aurten bosgarren urtea dut euskaltegira etortzen. Momentu honetan, pandemiarengatik nire ingurua puskatuta dago, baina ohitura dut euskara erabiltzeko. Ateratzen bazait, hitz egiten dut.
Nicolas Chabal
Antigua
“Orain dela hamabi urte etorri nintzen Euskal Herrira. Nire emaztea eta bere familia euskaldunak dira”
Frantzia hegoaldekoa naiz, Tolosa [Okzitania] eta Andorra [Herrialde Katalanak] arteko herri batekoa. Orain dela hamabi urte etorri nintzen Euskal Herrira, hemen ezagutu nuen nire emaztea, eta hemen bizi naiz. Euskara ikasten duela bost urte hasi nintzen, baina urte oso batean ikasketa alde batera utzi nuen, kanpoan lan proiektu handi bat neukalako. Orain berreskuratzen ari naiz, baina kostatzen zait. Nire emaztea eta bere familia euskaldunak dira, eta Tolosan [Gipuzkoa] lan egiten dut, eta lankideak euskaldunak dira. Okzitaniera pixka bat hitz egiten dut: nire aiton-amonek hitz egiten dute. Horregatik, gaztelania ikastea oso erraza egin zait.
Maria Oiarbide
Antigua
“Euskaltegian 18 urterekin hasi nintzen euskara ikasten. Hala ere, beti ibili naiz ikasten, gero uzten, berrekiten…”
Euskara menperatu nahi dut: hemen jaio nintzen eta ez dakit ondo hitz egiten. Txikitan ikasi nuen ikastolan, baina B ereduan ikasi nuen. Nire ama ez da hemengoa: andaluziarra da, eta ez daki euskaraz. Nire aita hemengoa da, baina ez zuen euskara ikasi Francoren garaian jaio zelako. Bere aita hemengoa zen, euskara zekien, baina ez zion irakatsi. Horregatik, nire etxeko giroa erdalduna da. Nire aitona hil zen nik bost urte nituenean, eta euskara ikastolan ikasi nuen. Euskaltegian 18 urterekin hasi nintzen euskara ikasten, eta orain 36 urte ditut. Hala ere, beti ibili naiz ikasten, gero uzten, berrekiten… Horrela. Lan berri bat egiten ari naiz, eta nire kideak euskaldunak dira. Orduan, pixkanaka pixkanaka saiatzen ari naiz beraiekin euskara hitz egiten.
Aitziber Lopez
Aiete
“Donostiara etorri nintzenean, pentsatu nuen aukera ona zela euskara ikastea. Txikia nintzela ulertzen nuen”
Bost urte daramatzat Aieten bizitzen, baina ni bilbotarra naiz. Urte askoz kanpoan bizi izan naiz, Estatu Batuetan eta Madrilen, lanagatik. Donostiara etorri nintzenean, pentsatu nuen aukera ona zela euskara ikastea. Nire ama euskaldun zaharra da, eta baserrian bizi zen. Ni txikia nintzela, nire amak eta amamak euskaraz hitz egiten zuten. Nik ulertzen nuen, baina ezin nuen hitz egin: inoiz ez nuen erabili. Horregatik ari naiz euskara ikasten. Hala ere, ez dut amarekin euskara hitz egiten oraindik. Ez da erraza: pertsona batekin euskara hitz egiten ez baduzu, hori aldatzea oso zaila da. Euskaltegitik kanpo, saiatu naiz euskara hitz egiten, baina normalean ez dut erabili. Taberna batean bai! Hori erraza da, bi garagardorekin eta tortilla pintxo batekin.
Luis Garcia
Aiete
“Nik uste dut hemen bizi naizenez euskara ikasi behar dudala: Franco hil zenetik ari naiz euskara ikasten”
Euskara ikasten ari naiz hemen bizi naizelako, biak batera doaz. Beraz, nik uste dut hemen bizi naizenez euskara ikasi behar dudala. Ni oso zaharra naiz, eta Franco hil zenetik ari naiz euskara ikasten. Hala ere, nire familian ez dakite euskaraz, kanpotarrak direlako. Gero, lantokian, lagunekin, kirol munduan, bizilagunak… badauzkat euskaldunak. Haurra nintzela ez nuen loturarik euskararekin: ikastola batzuk ezagutzen nituen, eta baserritar batzuk gogoratzen ditut euskaraz hitz egiten. Gaur egun, euskaltegitik kanpo euskaraz hitz egiten dut: euskara euskara bada, hitz egin behar da, hau da, ez dago mailarik. Duela gutxi barneratu dut hori, eta bide horretatik noa: jendeak nire akatsak eta trabak errespetatzen baditu, zentzu horretan jarraituko dut.