Amara Berriko Ikasketa plaza birsortzeko proiektua onartu du udalak
Donostiako Udalak Amara Berriko Ikasketa plaza berrurbanizatzeko proiektua onartu du. Helburua da hainbat maila dituen eremu handiko plaza birsortzea, okupazioa eta eguneroko erabilera areagotzeko. 704.339 euroko aurrekontua du, eta lanak egiteko eperik ez du eman udalak.
Auzotarren aspaldiko eskaera da plazaren berrurbanizazioa. “Proiektu honek ingurua biziberritzeko eskaera historiko bati erantzuten dio, eta herritarren parte hartze prozesu baten emaitza da”, azaldu du Eneko Goia alkateak. Diseinuari eta urbanizazio elementuen egoerari dagokionez, “oso itxura eskasa” duela gaineratu du, eta ez duela mugimendu handirik.
Plaza hainbat mailatan banatuta dago; beraz, harmailadi bat egingo da erdiko uhartearen inguruan, oztopo fisikoak kentzeko, eta goiko plataformara iristeko moduko ibilbidea egingo da, bi arrapalen bidez. Goialdean, haurrentzako jolastokia egongo da, eta elementu eskultoriko bat izango du, haurren jolasgune nagusi gisa.
Garajerako sarbideak ere aldatuko dira, gaur egun beirazko eta altzairuzko markesina arinen bidez eragiten duten begi-inpaktua gutxitzeko. Plazaren sarreran dauden aireztapen tximiniak ezkutatzeko bereziki diseinatutako lorategiak eta altzariak jarriko dira plazan. Horrez gain, plazaren argiztapen egokia bermatuko duten luminaria berriak jarriko dira.
Era berean, udalak plazako lokalen jabeen elkartearekin adosturiko hitzarmena onartu du, plaza berrurbanizatu, egitura sendotu eta inpermeabilizatzeko obrak egiteko. Hitzarmen honen bidez, Udalak 143.782 euroko diru-laguntza emango du hobekuntza horiek egiteko, herritar guztiei plaza irekitzeak dakarren interes publikoa dela eta.