"Etxebizitza turistikoek orain arte bezala jarraituko dute"
Eneko Goia alkateak etxebizitza turistikoen inguruko probidentziaren inguruan hitz egin du, Tokiko Gobernu Batzorde osteko prentsaurrekoan. Espainiako Auzitegi Gorenaren ebazpenari garrantzia kendu dio.
“Ez gaude epai baten aurrean, probidentzia bat da. Ez dute udalak tarteratutako helegite bat onartu, baina soilik adierazi dute ez doala gaian sartzera, ez delako bere eskumenekoa”, azaldu du. Udalak bi helegite tarteratu zituen, bata EAEko Auzitegi Nagusian eta bestea Gorenean. Goiak gogoratu du oraindik EAEko auzitegiak ez duela erantzunik eman.
EH Bilduk atzo plazaraturiko oharrarekin kritiko azaldu da alkatea. “Gaur izan dugu probidentziaren berri, udaleko zerbitzu juridikoen eskutik. Beraz, nik nekez ezkutatu dezaket ez dakidan zerbait”, nabarmendu du. Izan ere, EH Bilduk udal gobernuari gardentasun falta egotzi zion atzo. Horrez gain, Goiak adierazi du probidentziak ez dituela etxebizitza turistikoak “kaos egoera batean” uzten: “Etxebizitza turistikoek orain arte bezala jarraituko dute”. EH Bilduren jarrera ere kritikatu du alkateak. “Batzuei gehiegi nabaritzen zaie, hiriarentzat txarrak diren gauzetaz pozten direla”.
Etxebizitza turistikoen sektorearen egoera ez dela ona azpimarratu du Goiak: “Ez da pozteko modukoa. Azken hamar hilabetetan ez da lizentzia eskaera bakar bat egon”.
EH Bilduren erantzuna
Alkateak egindako adierazpenen aurrean, EH Bilduk ohar bat plazaratu du. EAEko Auzitegi Nagusiak ordenantza “baliogabetu” ondoren, udal gobernua “malabarismo legalak” egiten ari dela salatu dute, “ordenantza onartu ondoren legeztatu ziren ehunka etxebizitza itxi beharrik izan ez dezaten”. Horrekin batera, gogorarazi dute oraindik indarrean den Plan Orokorrak etxebizitza turistikoen erabilera lehen solairuetara mugatzen duela. “Ordenantza honen bidez, udal gobernuak eraikinetako beste solairu batzuetan kokatutako ehunka etxebizitza legeztatu nahi izan zituen”.
Goiak azaldu du udal gobernuak ez zuela Gorenaren aldeko erabaki bat espero. EH Bilduk horrek eragindako diru galera seinalatu du. “Ez dugu ulertzen, beraz, irabazteko aukerarik ez zegoela uste bazuen, zergatik martxan jarri zuen udalari 2.420 euro publiko kostatu zaion bide juridiko hau”. Etxebizitza turistikoen lizentzia berriei dagokienez, alkateak esandakoa ez dela zuzena adierazi dute. “Prentsaren aurrean esan du azken hamar hilabetetan ez direla lizentzia eskaera berriak egin. Hala ere, etxebizitza turistikoen erroldaren berri ematen duen udalaren webgunean, gutxienez, tramitatzen ari diren hamasei eskaera agertzen dira”.