Etxebizitza turistikoen ordenantzak putre funtsak erakarri dituela salatu dute
Kaleratzeak Stop, Alokairu eta Inquilinos Azora plataformek ontzat jo dute Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakia. Hain zuzen, Donostiako etxe turistikoen ordenantza babesteko udal gobernuak aurkezturiko helegitea baztertu dute. Iazko urtarrilean baliogabetu zuen ordenantza EAEko Auzitegi Nagusiak.
Bere garaian, Kaleratzeak Stop taldeak eta Parte Zaharrean Bizi auzo elkarteak alegazioak aurkeztu zizkioten udal ordenantzari. “Hiriko etxebizitzek beren helburua bete behar dutela eskatu genuen; hau da, bizitegi erabilerarako izan behar direla etxeak, eta ez merkataritza jarduerarako. Izan ere, etxe turistikoek batzuei onura nabarmenak ematen dizkie”, azaldu dute. Are gehiago, etxebizitza turistikoek Testa-Blackstone eta Azora putre funtsak erakarri dituzte. “Dagoeneko dozena bat etxebizitza dituzte”.
Udal gobernuari eskatu diote udal ordenantzako arauak zuzentzeko. Izan ere, Plan Orokorraren hirigintza atalean txertatzeko tramitazio lanetan ari direlako. “Alokairua ez ordaintzeagatik etxegabetzeak ugaritzen ari diren bitartean, etxebizitza horiei bizitegi erabilera kentzea eta espekulatzaileen erraztasun guztiak ematea, baliogabetutako ordenantzarekin ematen zitzaien bezala, nahikoa arrazoi dira gobernu-taldeak zuzentzeko”, azpimarratu dute.

