"Euskal folklorea inspirazio iturri handia da niretzat"
Clara Mendizabal donostiarrak hiru urte daramatza Parisen bizitzen. Izan ere, Frantziako Moda Institutuan moda ikasketak egiten ari da. Estilo "soila" du, eta baserritar jantziekin esperimentatu du, besteak beste. "Funtzionaltasunari" garrantzia ematen dio.
Zeure burua aurkezteko esango balizute, zer esango zenuke?
20 urteko neska donostiar bat naiz, eta Parisen moda ikasketak egiten ditut. Uste dut hori dela dena [barrez].
Zerk bultzatu zaitu moda ikastera?
Moda nire familiako tradizioaren parte da: amonak, amak eta izebak beraien enpresa daukate. Betidanik bizi izan naiz oihalen artean, eta azkenean, oso gustuko dudan mundu bat da eta horrekin jarraitu nahi nuen.
Donostian zu izango zara moda ikasketak egin dabilen bakarrenetarikoa?
Nik ez dut beste inor ezagutzen. Nire lagun askok Arte Ederrak ikasten ari dira.
Moda artea da?
Ez dakit artea den. Diseinua da: jantzi batek funtzio bat izan behar du, babestu behar gaitu. Orduan, ez dakit moda artea den, edo diseinu funtzional bat den. Modak beti du bere ukitu artistikoa, diseinuak sormena izan behar duelako, baina ez nago ziur ea artea den edo ez.
Zer da garrantzitsuena arropan: edertasuna, erosotasuna, dotorezia, prezioa…?
Niretzat, edertasuna oso garrantzitsua da, baina pertsona bakoitzarentzat gauza desberdin bat izan daiteke. Orduan, hori ezin dugu epaitu. Funtzionaltasuna diseinatzaile askorentzat ez da garrantzitsua: askotan haien arropekin ezin zara mugitu. Hala ere, nik garrantzia ematen diot mugitu ahal izateari, funtzionaltasunari.
Edertasuna eta dotorezia sinonimoak dira?
Ez. Dotorezia pertsonarengan dago, bere jarreran. Edertasuna izan daiteke arroparena, edo pertsonarena.
Parisen ari zara moda ikasten. Nola iritsi zinen Frantziako hiriburura?
Frantziako Moda Institutuan ikasten dut. 13 urte nituenean, aldizkari batean eskola horren erreferentzia ikusi nuen, eta esan nuen: “Nik horra joan nahi dut”. Eta joan nintzen.
13 urte dituzunetik aritu nahi izan duzu modaren munduan?
Txikitatik. Amari esaten nion: “Nik, zuk bezala”.
Zenbat denbora daramazu Parisko eskola horretan ikasten?
Hau hirugarren urtea dut: azken urtea.
Zer ikasi duzu moda ikasketetan?
Ez nuen uste hainbeste ikasiko nuenik! Josten jakin gabe… ezer jakin gabe joan nintzen eskolara. Oinarri oso ona eman digute, eta orain ia nahi dudan guztia egin dezaket.
Diseinatzen ere ikasi duzu?
Josten, diseinatzen… Sormen-prozesuaren %100a egiten dugu. Lehenengo informazio bilaketa egiten dugu eta argazki bilduma bat osatzen dugu, inspirazioa bilatzeko. Gero, marrazkia egiten dugu, eta ondoren hiru dimentsioko sorkuntzarekin hasten gara. Maniki baten gainean guk aukeratutako oihala jartzen dugu, horrekin bolumena sortu, eta bukaeran, josi.
Orain arte zein diseinu egin dituzu?
Proiektuak egin ditugu: urtean hiruzpalau, eta azken proiektua da potoloena. Azken proiektu hori aurten egingo dut, eta hor erakutsi beharko dugu geure identitatea. Enpresetara ere bidaliko ditugu.
Zein da zure estiloa?
Nire estiloa soila da, kontzeptura joatea gustatzen zait. Dotorea izan dadin ere ahalegintzen naiz, baina hori ez dago nire esku. Folklorea inspirazio iturri handia da niretzat: euskal folklorea eta beste leku batzuetako jantzi tradizionalak; pixka bat modernizatzen. Egin ditut proiektu batzuk baserritar jantziekin, mozten eta gauza berriak egiten.
Ikasketak amaitzean, zer egingo duzu?
Nik lan egiteko gogo handia daukat. Praktika batzuk egin nahi ditut eta lan munduan sartu: gero ikusiko dut zer egingo dudan. Masterra egitea ez dut bazter batean uzten.
Diseinatzaile baten enpresan hasi nahi duzu edo zure marka sortu nahi duzu?
Lehenago esperientzia pixka bat eduki behar da, eta gero ikusiko dut zer egiten dudan. Niretzat, beharrezkoa da beste batzuen azpian egotea zu igo baino lehenago.
Nolakoa ikusten duzu Donostiako moda?
Donostian egiten den moda, oso ondo. Donostian eramaten dena, okerrago. Nik uste dut fast fashion-ak Donostian min handia egin duela. Hemen ez dago Frantzian dagoen moda-kultura berdina: Frantzian moda kulturaren parte da. Hemen ez da hala, nahiz eta oso maisu onak eduki ditugun: Cristobal Balentziaga, Paco Rabanne… Ez dugu jakin haiek gure egiten: denak Parisera joan dira, hemendik ospa egin dute. Lan hori ez dugu ondo egin hemen.