Altzako Momo jainkoen omenezko erakusketa jarriko dute Harria parkean
Inauteririk ospatu ez den moduan, jaiari amaiera eman ohi dien Altzako Eltze Festarik ere ez da izango aurten, baina horren ordez, Donostiako inauterietan Momo jainkoaren edo jainkosaren papera egin duten Altzako bizilagunak omentzeko erakusketa bat antolatu dute. Erakusketa bihar, hilaren 18an, inauguratuko dute Harria plazan, eta hilaren 28ra arte egongo da ikusgai.
Altzako hainbat konpartsatako hamar bizilagunek hartu dute euren gain Momo izateko ardura: lehenengoa Higinio Imaz (Gurea Konpartsa) izan zen, 1992an, eta azkena Ruben Rodriguez (Mystic Konpartsa), 2020an. Bi horiek eta beste zortziak omentzeko panelak jarriko dituzte Harria plazako erakusketan; horrela, inauteriak presente egongo dira Altzan aurten ere.