Anbulantzia gidari guztiak txertatzeko eskatu dute Donostiako Ospitalean
Anbulantzia gidari guztiak berehala txertatzea eskatu dute Donostiako Ospitalean. Izan ere, salatu dute Ambulancias Gipuzkoa azpikontratatutako enpresako langileak txertaketa kanpainaren laugarren multzoan daudela eta Osakidetzak zuzenean kontratatutako gidariak, berriz, lehen multzoan.
ELA sindikatuak zabalduriko datuen arabera, 500 gidari inguru daude azpikontratatuta, eta 60 bakarrik zuzenean Osakidetzarentzat lanean. Osakidetzak zuzenean kontratatutako langile horiek jada txertoa jaso dutela edo jasotzeko data dutela gehitu dute, eta azpikontratatuek oraindik ez dute informaziorik jaso.
Ekaitz Telleria LAB sindikatuko ordezkariak adierazi duenaren arabera, anbulantzia gidariak kontratu motaren arabera bananduta daude txertaketa kanpainan, eta azken finean lan bera egiten dutela azpimarratu du. Hau dela eta, anbulantzia gidari guztientzat irizpide berdinak eskatu ditu LABen ordezkariak: “Gu ere lehen lerroan gauden langileak gara, eta azpikontratatutako 1.500 langilek ez dugu txertoa jasotzeko datarik oraindik. Osakidetzaren tratua umiliagarria da”.
Koronabirusa duten pazienteak artatzeko bideratutako anbulantziak daudela azpimarratu dute, eta anbulantzia hauek daramatzaten gidariek txertoa jaso ez izana lotsagarria dela adierazi dute: “Gidari hauek kontaktu zuzenean daude koronabirusa duten pazienteekin”, dio LABeko ordezkariak. Orain arte anbulantzia gidari gutxi kutsatu direla adierazi du Telleriak, baina langileek harturiko neurriengatik izan dela gehitu du, eta ez Osakidetzak eta Osasun Sailak emandako baliabideengatik.
Hau dela eta, manifestazioa egingo dute bihar Bilbon, eta otsailaren 23an Lakuara joango direla gehitu dute: “Ordurako konponbiderik ez badago, grebari ekingo diogu, ez baitugu besterik”, adierazi du ELAko ordezkariak.