Kote Cabezudo 425 euroko isun bat ordaintzera zigortu dute
Kote Cabezudo argazkilari donostiarra laugarrenez epaitu dute gaur, hilaren 17an, haren aurkako ikerketa judizial bat oztopatzen saiatu izana leporatuta; erruduntzat jo dute, eta 425 euroko isun bat ordaintzera zigortu dute. Ertzaintza haren aurkako ikerketarako froga bila zebilenean, zerbitzari informatiko batetik irudi batzuk Ertzaintza sartu aurretik borratzen saiatu izana egotzi diote Cabezudori.
Argazkilariaren aurkako hirugarren epai sendoa da; horietako baten aurkako helegitea aurkeztu du Cabezudok, eta beste epaiketa baten epaia ateratzeke dago oraindik.
Beste epaiketak
2013an abiatu zen Cabezudoren aurkako auzia, donostiarrari 47 delitu leporatuz, horietako hainbat harekin lan egiten zuten modeloen sexu askatasuna urratzeagatik. Guztira, 21 emakumek salatu dute Cabezudo. Lau aldiz epaitu dute dagoeneko Cabezudo, baina akusazio nagusiko epaiketak oraindik ez dauka datarik.
Lehenengo epaiketan, bi urte eta hiru hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten donostiarrari –2018ko maiatzaren 4tik dago Martuteneko kartzelan, behin-behineko espetxealdian–, salaketa jarri zuen biktimetako bat biluzik ageri zen bere argazki bat sareetan argitaratzearekin mehatxatzeagatik. Bigarrenean, bost hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, justiziari kontratu faltsuak entregatu izanagatik, harentzako lan egin zuen adin txikiko modelo batek 18 urte baino gehiago zituela justifikatzeko. Zigor horren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen Cabezudok, eta oraindik ez da behin betiko epaia atera. Urtarrilean, hirugarrenez epaitu zuten argazkilaria, sare sozialetan neska gazte baten “argazki erotiko bat” argitaratzeagatik, justiziak irudi hori borratzeko agindu ondoren. Martxoan eta apirilean beste bi aldiz epaituko dute, ustez justiziaren beste bi agindu ez betetzeagatik.