Amara kaleko arotza zendu da
Beroizenea baserriko semea, arotza, ebanista, Eduardo Txillidaren hormigoizko eskultura handien enkofratuen egilea, aita, senarra, aitona, donostiarra, euskaltzalea, bertsozalea. "Zaintzailea, zintzoa eta saiatua". Hori izan zen Jose Antonio Bereziartua, besteak beste.
Jose Antonio Bereziartua Elustondo hil berri da, donostiar askoren etxeetako egurrezko altzariak egin zituen arotza. 1929an jaio zen, eta azken mendean Donostiak bizitako eraldaketaren lekuko paregabea izan zen. Arotza izateaz gain, senarra, aita eta aitona ere bazen: “Zahartzarora bizitzaz espero zuen guztia jaso izanaren pozarekin iritsi zen aitona”, azaldu du bere bilobak, Lander Arretxea Hiru Damatxo kooperatibako kideak.
Beroizenea baserrian jaio zen 1929an. Bere jaiotetxea desagertuta dago: Mundaiz muinoan zegoen baserria, eta 1946an eraitsi zuten, Koipe S.A. olio fabrika eraikitzeko. Fabrika hori ere desagertuta dago gaur egun.
Haurtzaro “zaila” izan zuen baserrian. “Hamaika anai-arrebetan gazteena izan zen, eta bera jaio ostean hil zitzaien ama. Haren arreba zaharrenak hezi zuen. Baratza eta abereak zituztenez ez zuten goserik pasatzen, baina familia xumea ziren”, azaldu du bere bilobak.
Baserria Olazabal familiarena zen, hau da, Mundaiz jauregiko jauntxoena. Trenbideak banatzen zuen baserria Urumea ibaitik eta Donostiatik: “Garai hartan, padura handi bat zen Urumea inguru hori, eta Amara Berri oso osorik egin gabe zegoen. Bertan aritzen ziren anai-arreba gazteenak: jolasean, ehizean, baratzeko lanetan…”, azaldu du bilobak. 1936ko gerraz aitonak kontatutakoak ere gogoan ditu Arretxeak: “Maiz kontatzen zigun behin trenbidearen beste aldetik haien baserria tirokatu zutela nazionalek. Zorionez ez zuten inor zauritu, baina susto ederra hartu zuten. 6-7 urte zituen aitonak, eta ohe azpian ezkutatu zen tiroek ez jotzeko”.
Arotza, ofizioz
Jose Antonio Bereziartua 13 urterekin hasi zen arotz ofizioa ikasten, Elizondo aroztegian. Zenbait aroztegitan lanean aritu eta gero, koinatarekin jarri zuen aroztegia Amara kalean 1960. urtea baino lehentxeago. 2004an itxi zuten.
“Ebanista gisa ezagutu genuen guk: neurrira egindako altzariak, etxeetarako egitura bereziak… Nagusiki Donostiako familientzat egin zuen lan, bai behintzat bere helduaroan”, azaldu du bere bilobak.
Bezero ugari izan bazituen ere, Eduardo Txillida artista donostiarrarekin izan zuen lotura oso berezia izan zen: bezero baino gehiago, lankide izan zuen. “Txillidaren etxean lan egiten hasi zenean abiatu zen bien arteko harremana. Hainbat urtez, Txillidarentzat egin zuen lan, baina ohiko ebanista lanetan, beste hainbat etxetan egiten zuen bezala. Horren aitzakian eskaini zion Txillidak bere hormigoizko eskultura handien enkofratuak egiteko lana. Lehenengo saiakerarekin pozik geratu ziren itxuraz, eta beste hainbat ere egin zituzten molde horretan”, Arretxearen arabera.
Arkatza belarrian izaten zuen gizon bat du gogoan Luis Txillidak, Eduardo Txillida eskultorearen semeak: “Gizon handi eta fin moduan oroitzen dut. 1970eko hamarkadan nire aita eskala handiko hormigoizko eskulturak egiten hasi zenean, Jose Antoniorengana jo zuen egurrezko enkofratuak egiteko, jakin baitzekien oso ondo lantzen zuela egurra. Oso elkarlan ona izan zuten, harreman pertsonal ona izan zuten, eta gozamena zen biak elkarrekin lanean ikustea”.
Gizon langilea, arretatsua, euskaltzalea, bertsozalea, etxekoekin egon zalea… Horrela deskribatu du Lander Arretxeak bere aitona. “Bizitza osoan zehar denbora gehiena lanari eskaini ostean, jubilatu ondoren, beste fazeta batzuk garatu zituen. Batetik, bilobak egunero eramaten gintuen eskolara. Eta bestetik, amonak hezurretako arazo asko izan ditu, eta erretiroa hartu ostean, aitonak zaintzaile papera ere hartu du neurri handi batean. Aitonak irakatsi zigun zaintzailea, zintzoa eta saiatua izatea dela pozik bizitzeko egin daitekeen gauzarik onena”.
Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea biltzen ditu ahotsak.eus atariak, eta Jose Antonio Bereziartuari 87 minutuko elkarrizketa egin zioten 2009an. Juantxo anaiarekin batera erantzun zituen Idoia Etxeberriaren galderak, eta bizipenez, ohiturez eta bere gaztaroko Donostiaz jardun zuen. Bere elkarrizketa ikusteko eta entzuteko, egin klik hemen.