Bretxako baserritarrek zain jarraitzen dute
San Juan kaletik Arrandegi eraikinaren aurrera mugitu zituzten baserritarren postuak 2019an. Lau hilabeterako izango zela esan zieten, eta martxoan bi urte beteko dira.
Karpa zuri eta handi baten babesean daude Bretxako baserritarren postuak. Martxoaren 19an bi urte beteko dira lekuz aldatu zituztenetik. San Juan kalean zeuden, Bulebarretik gertu eta Sarriegi plazara begira. Toki estimatua zen beraientzat. Ordea, Bretxako Merkatuaren berritze lanengatik Arrandegi eraikinaren aurrera eraman zituzten. Behin-behineko lekura ohitu badira ere, beraien etorkizuna argitu nahi dute.
«Ez digute ezer esan. Udalarekin ez dugu harremanik, eta hemen jarraitzen dugu», dio Rosi Ormazabal baserritarrak. Bretxako berritze lanak mantso doazela ikusten dute, eta pandemiak atzerapen handiagoa eragingo duela uste dute. Horrela ere, Donostiako Udalak ez die inolako informaziorik eman. Abastos promotorea da baserritarren postuen arduraduna, eta beraiek ere ez dira baserritarrekin harremanetan jarri. «Hobeto geunden San Juan kalean, salmentak ere hobeak ziren, eta jendeak errazago ikusten gintuen».
Arrandegi aurreko karpa egonkortu zutenetik, eguraldi txarrak ez du ezbeharrik sortu. Izan ere, 2019ko azaroko denboraleak baserritarren postuak kaltetu zituen, eta hainbat egunez ezin izan zuten produkturik saldu. «Petatxu asko jarri dituzte, baina mantenua behintzat egiten jarraitzen dute», azaldu du Ormazabalek. Aurrera begira, Arkuak eraikinaren atzean kokatuko dituzte baserritarrak, baina eperik ez diete zehaztu.
Pandemiaren eraginak
Baserritarrak neurri guztiak betetzen ari dira, eta pandemiaren ondorioz hainbat aldaketa egin behar izan dituzte. Bezeroek ezin dituzte produktuak ukitu, ezarritako distantzia mantendu behar dute, eta aukera dute ordainketak txartelarekin egiteko. «Datafonoa jarri behar izan genuen, bezeroek horrela eskatuta», dio Ormazabalek. Horri esker, ez zekien gauza batez jabetu da. «Txartelarekin ordainketak egiterakoan, bezeroak nongoak diren ikus daiteke. Eta konturatu naiz Errenteria, Oiartzun, Hernani, Lasarte-Oria eta Andoaingo bezeroak ditudala».
Konfinamendu perimetrala da baserritarrak gehien kaltetu dituena. «Udalerriak itxita egon direnean, Donostiatik kanpoko bezeroak ez dira etorri, eta hori salmentetan nabaritu dugu», esan du Ormazabalek. Batez ere, astean zehar nabaritu dute bezeroen jaitsiera. Larunbata da baserritarrentzat salmenta egun onena, eta horri eustea dute helburu.