Harremanak sendotzeko tresna baliagarria
Bidebietako azoka birtualak harrera ona izan du bizilagunen artean. Azaroan abiatu zutenetik, 200 erabiltzaile inguruk erabiltzen dute, eta salerosketa asko egin dituzte.
Pandemia egoerari aurre egiteko, Bidebieta La Paz bizilagun taldeak auzoko azoka birtuala sortzea erabaki zuen. Jarduera sozialik antolatu ezin denez, auzotarren arteko harremanetarako tresna baliagarria izan zitekeela iruditu zitzaien. Azaroaren 16an abiatu zuten azoka Facebook sare sozialean, eta ordutik harrera oso ona izan du. Hasiera batean azokak izandako mugimendua apaldu bada ere, astero salerosketak egiten direla azpimarratu dute.
«Azoka fisikoa izatea zen ideia, baina ez genuen batere argi. Izan ere, horrelako zerbait antolatzeko baimenak eskatu behar dira, eta arau batzuk bete. Bidebietan auzo elkarterik ez dugunez, soilik birtuala izatea erabaki genuen», azaldu du Jon Tamayok, Bidebieta La Paz bizilagun taldeko kideak. Easo plazan antolatu ohi den Donostiatruk azoka hartu zuten eredutzat. «Antzekoa da, baina soilik Bidebietako auzotarrentzat».
Azoka birtuala mota guztietako objektuak eta produktuak salerosteko zein trukatzeko gunea da. «Arropa, etxeko tresneria, ordenagailuak eta baita auto bat ere saldu da azokaren bidez», azaldu du Tamayok. Antolatzaileak ez dira bizilagunen arteko salerosketez arduratzen, baina Interneten eskura jartzen dituzten produktuen «gutxieneko kalitatea» bermatzen saiatzen dira. Parte hartzeko azoka txikiaren Facebook orrian eman behar da izena, eta arau batzuk bete behar dira.
200 erabiltzaile
Azaroan eta abenduan azokak izan zuen arrakasta nabarmendu du Tamayok: «Bi hilabetetan 1.300 euro inguruko diru mugimendua eragin du. Une honetan, 200 bat erabiltzaile ditu azoka birtualak». Saldu, erosi eta trukatzeaz gain, badira produktuak zein objektuak oparitzen dituzten bizilagunak. «Azken batean, solidarioa ere bada azoka. Zenbait bizilagunek sobran dutena gainerako auzotarrei eskaini eta oparitzen diete».