Emakumeen Klasikoa berreskuratu dute antolatzaileek
Lucy Kennedy 2019ko irabazlea, Bulebarreko helmugan. (Argazkia: Donostiako Klasikoa) Iazko Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa bertan behera utzi ondoren, OCETA talde antolatzaileak 2021erako berrikuntza bat iragarri zuen: Emakumeen Itzuliak –Itzulia Women izenarekin– Emakumeen Klasikoa ordezkatuko zuela. Ordea, asmo hori bertan behera utzi dute, eta Emakumeen Klasikoa berreskuratu dute. Uztailaren 31n izango da, gizonezkoen lasterketaren egun berean. 2019an egin zuten aurrenekoa, eta Australiako Lucy Kennedy txirrindulariak irabazi zuen.
Erabakiaren arrazoiak Julian Erasok eman ditu, OCETAko presidenteak: “Itzulia Womenen ideia Emakumeen Klasikoa ordezkatzea zen. Izan ere, Frantziako Emakumeen Tourra Klasikoaren data berean jarri behar zutelako antolatzaileek. Ordea, aurten ez denez Emakumeen Tourra jokatuko, Klasikoari eutsiko diogu”. OCETAk iaz iragarri zuen Emakumeen Itzulia hiru egunekoa izango zela, maiatzaren 14tik 16ra.
Esan bezala, uztailaren 31n jokatuko da emakumezkoen zein gizonezkoen Donostiako Klasikoa. “Aurreratu dezakegu ibilbidearen zati bat konpartituko dutela, baina baliteke aldaketa batzuk izatea. Bi lasterketak egin ahal izatea, eta txirrindularitzaren festa Donostiara eta Gipuzkoara itzultzea espero dugu, 2019an bezala. Oraingoan, dena den, osasun arloko neurri guztiekin antolatuko da”, azaldu du Erasok.

