Firestone lantegi berreskuratua martxoaren 8an hustuko dute
Añorgako Firestone lantegi berreskuratuko bizilagunek jakinarazi dutenez, “polizia indarrak” martxoaren 8an joango dira Firestone-Iframe eraikina hustera. Etxegabetzea 9:00etan izango da, eta iragarri dute gunea babesteko mobilizatzera deituko dutela egun horretarako.
Duela bi aste, antzeko deialdia zabaldu zuten, baina hustutzeko agindua atzeratu egin zuten ondoren: “Polizia indarrek, beraien dispositiboa prestatu ahal izateko, desalojo data atzeratzea eskatu zuten, eta hauek, data berria jarri dute. Noiz eta martxoak 8rako”, azaldu dute.
Berriki, udalak Añorgako Geltokia azpieremuko plan berezia onartu du. Lantegi berreskuratua dagoen eremuko pabiloiak eraistea aurreikusten du, eta leku horretan 248 etxebizitza eraikiko dituzte. Horietatik, 156 libreak izango dira eta 92 sozialak –46 babes ofizialekoak eta 46 babes tasatukoak–.
Iazko apirilean, konfinamendu bete-betean, lantegi berreskuratukoek salatu zuten gunea hustutzen saiatu zirela. 2015eko maiatzaren 1ean okupatu zuten 200 bat lagunek Firestone fabrika abandonatua, inguruko herri mugimendua saretzeko eta ekoizpenerako bideak langileentzako berreskuratzeko helburuarekin. Eraldia mugimenduaren bidez berreskuratu zuten lantegia, eta lan, harreman eta bizimodu eredu alternatiboak sortzeko egitasmoak garatzeko espazio bat eraikitzea zen mugimenduaren helburua.