Gaur hemezortzi urte Donostian sekula egindako manifestazio jendetsuenetik
“Joan den larunbatean, izugarrizko jendetza bildu zen Donostian Euskaldunon Egunkariaren alde Kontseiluak deitutako manifestazioan. Hainbat komunikabide, kazetari edo argazkilariren arabera, gure hirian sekula egindako manifestaziorik jendetsuena izan zen joan den asteburukoa”. Horrela deskribatu zuten Irutxulo astekarian 2003ko otsailaren 22an Euskaldunon egunkaria-ren aldeko aldarriak Donostiako kaleak bete zituen manifestazioa. 18 urte igaro dira ordutik.
2003ko otsailaren 20an Guardia Zibilak, Auzitegi Nazionaleko Juan del Olmo epailearen agindupean, Euskaldunon egunkaria itxi zuen. Administrazio kontseiluko hainbat kide –Xabier Alegria, Txema Auzmendi, Inma Gomila, Luis Goia, Fermin Lazkano, Xabier Oleaga, Martxelo Otamendi, Joan Mari Torrealdai, Iñaki Uria eta Pello Zubiria– atxilotu zituzten, eta torturak jasan behar izan zituzten.
Egunkaria itxi eta bi egunera, Euskal Herriko txoko guztietako herritarrak Donostian bildu ziren: “Donostiak gainezka egin zuen”, kontatu zuten Irutxulo-n. Milaka herritarrek egunkariaren, langileen eta atxilotuen alde egin zuten manifestazioan.
Egunkaria behar dugu lelopean, euskara elkarteek eta herri aldizkariek (Irutxulo eta Bagera euskaltzaleen elkartea, tartean) salatu zuten Euskaldunon Egunkaria-ren itxiera “euskararen, euskal prentsaren eta adierazpen askatasunaren aurkako erasoa” zela.
Egunkariaren itxieraren berri eman zuen Irutxulo-k itxi eta egun batera; manifestazioaren berri, aldiz, hurrengo astean eman zuen. Bi astekari horiek irakurgai daude 18 urte pasa eta gero ere:
- 2003ko otsailaren 21eko astekaria, Egunkaria-ren itxieraren inguruan.
- 2003ko otsailaren 28ko astekaria, manifestazioaren inguruan, eta hainbat donostiarrei Egunkaria-ren itxierari buruz egindako galdetegiarekin. Bi zatitan banatu dugu dokumentua: