Larratxoko kaleetako egoera txarra salatzeko mobilizatzen ari dira
Larratxoko bizilagunak sare sozialetan salatzen ari dira auzoko kaleen egoera gero eta okerragoa dela, eta sinadura bilketa bat abiatu dute, udalari helarazteko. “Kaleak zikin-zikinak, irristakorrak eta zakur kaka eta pixez beteta daude, izkina guztiak ere zikinak daude, zakarrontziak erdoilduta edo puskatuta daude eta haurrentzako parkea, auzoan dagoen haur kopurua aintzat hartuta, zaharkituta dago. Arratoiak ere aipatu behar dira, izkina guztietan agertzen baitira”, azaldu dute.
“Urteak daramatzagu berdin: politikariek promes asko egiten dituzte, baina gero ez da inor auzora gerturatzen, eta ez dituzte agindutakoak betetzen”, gaineratu dute. Horregatik, auzoaren egoera hobetzeko eskatuko diote udalari, eta sinadurak biltzen ari dira, udalari bizilagunek kezkak helarazteko; Amalur belar dendan, 1 x 2 liburu dendan eta Naiara ile apaindegian sinatu daiteke. “Gu ere Donostiaren parte gara, eta jarrera berdina izan behar dute donostiar guztiekin”, nabarmendu dute.