Zabor ugari bildu dute Igeldoko bizilagunek auzolanean
Igeldoko Herri Kontseiluak antolaturik, 80 bizilagun inguruk zabor ugari bildu zuten auzolanean atzo Igeldon. Bizilagunek “kezka handia” dute zaborrarekin. Izan ere, konfinamendu perimetralaren ondorioz pertsona ugari joaten ari dira Igeldora: bizilagunek salatu dute zabor ugari pilatzen ari dela Igeldoko herrigunean, bide bazterretan eta ingurune naturaletan.
Talde txikitan banatuta, Tximistarri, Mendizorrotz, Lasarmendi, Agiti eta herrigune inguruan aritu dira zaborra biltzen auzolanean. Bi eskaera nagusi egin ditu Igeldoko Herri Kontseiluak: “Alde batetik, hona etortzen direnei eskatu nahi diegu Igeldorekin errespetuz jokatzeko eta zaborra behar den lekuan botatzeko. Eta bestetik, Donostiako Udalari eskatzen diogu zabor bilketako zerbitzua indartzeko. Guk egin duguna udalak bermatu beharreko zerbitzua da”.
Juan Karlos Izagirre Gipuzkoako Batzar Nagusietako EH Bilduren bozeramaileak eta Donostiako alkate ohiak sare sozialetan Igeldoko bizilagun izateaz “harro” dagoela adierazi zuen atzo sare sozialetan: “Gaur Auzolanean aritu gara herrian. Benetako Auzolana: gazte, haur, heldu… Igeldoko paraje ederrak garbitzen. Zein polita diren horrelakoak, herrigintzak sortzen dituen irribarreak bezelakorik… Gaur ere harro herri honen parte izateaz!“.