Donostiako hainbat elkarte gastronomikok eskatu dute itxita egotera behartzen dituen neurria malgutzeko
Elkarte gastronomikoak itxita egotea behartuta daude, udalerriko koronabirusaren kutsatzearen intzidentzia metatua 100.000 biztanleko 150 kasutik gorakoa bada. Donostian, azken datuen arabera, 200,67koa da, beraz, momentuz ezin dira elkarteak ireki. Horren aurrean, hiriko hainbat elkarte gastronomikok gutun bat bidali diote Eneko Goia alkateari, irekitzen azkenak direla salatuz eta eskatuz LABIren aurrean bitartekaritza lanak egiteko, neurria malgutzeko.
Hala azaldu du alkateak astearteko Tokiko Gobernu Batzordearen osteko prentsaurrekoan, eta nabarmendu du datozen egunetan elkarteekin bilduko dela, “mahai gainean jarri nahi dutena entzuteko”. LABIren hurrengo bilera martxoaren 5ean izango da, eta Goiak adierazi du egun horren aurretik bilduko dela elkarteekin. Era berean, nabarmendu du “pandemiaren eboluzioaren arabera” planteatuko duela gaia LABIren bileran.
Horretaz gain, elkarteek egindako protokoloak goraipatu ditu, eta elkartasuna adierazi die: “Badakit gehienek gauzak ondo egiten dituztela, eta protokoloak txalogarriak dira”.