Zapiekin harresiak zubi bihurtuko ditu Emakumeen Mundu Martxak
Emakumeen Mundu Martxa Nazioarteko V. Ekintza egiten ari da, “transnazionalak, mugak eta migrazio-politikak ikusgarri egin eta salatzeko”. Prestakuntza politikoko prozesu bat gauzatzen ari dira feminismoa, deskolonialitatea eta antiarrazismoa oinarri hartuta, eta zubiak eta zapiak dituzte oinarri: “Zubiek ez dute esanahi bera pertsona migratzaile guztientzat; izan ere, inoiz jendea konektatzeko baliagarriak izan ziren zubiak harresi bilakatu dira, eta ez dute pertsonen joan-etorria ahalbidetzen; gune horietan pertsonak diskriminatu, zapaldu, baztertu eta hil ere egiten dituzte”, azaldu dute.
Horregatik, igandean zapiak elkarrekin josi zituzten hainbat emakumek Emakumeen Etxean, eta ostiralean Jose Antonio Agirre zubian muralak osatuko dituzte, 18:00etan. Ondoren, 19:00etan, Emakumeen Mundu Martxako furgonetari harrera egingo diote ekitaldi batean, eta josi dituzten zapiak furgonetan Bidasoa aldera joango dira. Izan ere, Irun eta Hendaia arteko mugan itxiko dute V. ekintza martxoaren 6an: “Arrakala sinbolikoa osatzeko prozesuan zehar herrietan eta taldeetan egin diren zapi guztiak lotuko ditugu”, azaldu dute.