Ibaetako campuseko Zorroaga aretoan pasa dute gaua hainbat ikaslek
Herenegun, Euskal Herriko Unibertsitatearen Ibaetako campuseko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatearen eta Psikologia Fakultatearen artean dagoen Zorroaga aretoan sartu ziren Unibertsitateko Indar Batasuna (UIB) osatzen duten ikasleak: “Lan politikoa egiteko azpiegitura beharrak eta dekanotzaren jarrera pasiboak mahaian kolpe bat jotzera” eraman dituela ziurtatu dute. Atzo arratsaldean errektoretzarekin bilera izan zuten, eta errektoretzak “inolako eskaintzarik” egin ez izana salatu dute ikasleek: “EHUk ez du auziari konponbidea emateko borondaterik eskaini”, azaldu dute. Horren ondorioz, gelan gaua pasa dute.
Gainera, ikasleek adierazi dutenez, gaur goizean Zorroaga aretoaren sarbidea itxiko duela adierazi die dekanotzak ikasleei. Oraingoz ez da horrelakorik gertatu, baina “martxan jarritako prozesuarekin tinko” jarraituko dutela adierazi dute ikasleek.
Askatasun politikoen aldeko kanpaina
Unibertsitateko Indar Batasunak urtarrilaren amaieran askatasun politikoen aldeko kanpaina martxan jarri zuen, Unibertsitateko langile klasearen askatasun politikoen alde, ekin antolakuntzari! lelopean. UIBren arabera, “COVID-19aren aitzakiapean martxan jarri den ofentsiba burgesak unibertsitateko langile klaseko sektoreen baldintza materialen kaltetzea nabarmen ekarri du. Askatasun politikoen urraketa ere eragin du: ikasle gelak itxi dituzte eta garbitzaileei greba eskubidea ukatu diete”.
Horren aurrean, UIBk adierazi du “beharrezkoa” dutela unibertsitatean “gure antolakuntzarako ezinbestekoak diren azpiegitura eta bermeen gaineko kontrola” izatea. Unibertsitateko langile sektoreen baldintza materialak defendatzea eta antolakuntza artikulatzea ezinbestekotzat jo dituzte. Hori aldarrikatzeko, otsailaren 17an elkarretaratzea egin zuten, Unibertsitateko langile klasearen askatasun politikoen alde lelopean.