Hiru ikastetxetako hobekuntza lanak bideratu ditu udalak
Donostiako Udalak hiriko hiru ikastetxe publikoetan hobekuntzak egiteko proiektuak onartu ditu. Batetik, Amara Berri Ikastetxeko Urbieta eraikinean –Urdaneta, 11–, espazioak egokitzeko proiektuaren obrak bideratu dituzte. Hasierako aurrekontua 349.239 eurokoa da, eta obrak burutzeko epea lau hilabetekoa.
Erakunde sindikalek okupatutako espazioak erabiltzeko aukera sortu da, eta, beraz, egokitu egin dira berriz ere, 1 eta 2 urte bitarteko bi gela barruan kokatzeko, dagozkien lotarako eremuekin, komunaren eremu partekatuarekin eta otorduak prestatzeko gune partekatuarekin. Era berean, 2011. urtean eraiki behar izan ziren lokalen patio estalia libre utzi nahi da beharren programa osatzeko.
Bigarrenik, Altzako SJC Herri Ikastetxearen patioa birgaitzeko exekuzio proiektuan jasotako obrak kontratatzeko espediente berria onartu du udalak. Hasierako aurrekontua 378.249 eurokoa da, eta obrak burutzeko epea hiru hilabetekoa da. Jarduketak egoera txarrean dauden eskolako patioak birgaitzea eta mailak erregularizatzea ekarriko du, patioko eremuen arteko irisgarritasuna bermatzeko eta, horrela, patioaren erabilera hobetzeko.
Hirugarrenik, CEP Herrera LHIn kanpoko arotzeria ordezkatzeko eta fatxadak margotzeko proiektua bideratu du udalak. Lizitazio aurrekontua 210.055 eurokoa da, eta obrak egiteko epea bi hilabete eta erdikoa. Esku hartze hau eraikinaren kanpoko arotzeria batzuk ordezkatzean datza. Zehazki, lehen solairuan, ipar hegaleko etxebizitza zaharrari dagozkionak, igogailuaren kutxan dagoen leihoa eta komunetako leihoak. Bigarren solairuan, komunetako leihoak, hego-mendebaldeko fatxadako gelakoak eta korridoreko leihoak fatxada nagusirantz. Azkenik, hirugarren solairuko leiho guztiak, informatika gelakoak izan ezik.
Mundaizko ikastetxea
Egiako Mundaiz hirigintza eremurako xehetasun azterlana behin betiko onartu du udalak. Tramite horri esker, diziplina anitzeko kiroldegia eraikitzeko eta dauden kirol pistak eta sarbideak hobetzeko aurreikusitako handitzea egin ahal izango du ikastetxeak.