Matigoxotegi eta Cesar Benito futbol zelaiak berritzeko hitzarmena sinatu dute udalak eta Realak
Realak eta Donostiako Udalak lorturiko akordioari esker, Matigoxotegi eta Cesar Benito futbol zelaiak hurrengo hilabeteetan berrituko dira. Eneko Goia alkateak eta Jokin Aperribai Realeko presidenteak nabarmendu dute bi futbol zelaiak berritzea ezinbestekoa dela hiriarentzat eta harrobiko zein emakumeen futbola garatzen jarraitzeko.
“Hiriko erreferentziazko futbol taldeak” izan duen jarrera azpimarratu du Goiak: “Une zail hauetan laguntza eskaini du bi futbol zelai garrantzitsu hauek berritzeko. Horri esker, bertan euren jarduera aurrera eramaten duten gizonezkoen zein emakumezkoen futbol klubek instalazio egokiagoak izango dituzte lanean jarraitzeko”. Aperribaik ere akordioaren garrantzia azpimarratu du. “Donostiako Udalari eskertu nahi diogu elkarlanean aritzeko izan duen borondatea. Donostiako eta Gipuzkoako futbolarentzat albiste pozgarria da, bai gizonezkoen, bai emakumezkoen futbolarenzat. Realaren helburua da gipuzkoar guztiei kirola gerturatzea, adin eta maila guztietan futbolean aritzea lagunduz. Beraz, futbolari gazteentzat albiste ezinhobea da”.
Egiako Matigoxotegiko zelaia berritzeko egin beharreko lanak handiagoak izango dira. Belar artifiziala aldatuko da egoera kaskarrean dagoelako. Behin belarra kenduta zelaia ureztatzeko sistema guztiz aldatuko da; hau da, hodiak, kainoiak, bonbak eta programadorea aldatuko dira, eta ur-biltegi bat egingo da. Halaber, azaleraren erregulartasuna konprobatuko da. Obras y Pavimentos Especiales enpresari adjudikatu dizkiote lanak. Kontratuak 276.592 euroko kostua izango du, eta lanak egiteko epea bi hilabetekoa izango da, behin kontratua sinatuta.
Bidebietako Cesar Benito futbol zelaia ere berrituko dute. Une honetan, Intxaurdi Kirol Elkarteak kudeatzen du. Alde batetik, zelaiaren zoladura hobetuko dute, zelaiaren ipar ekialdean dagoen desnibela konpontzeko. Bestetik, belar artifiziala aldatuko dute.
Bi zelaietan, hainbat laborategi azterketa egingo dira kirol errendimenduaren mailak bermatzeko, baita ere kirol jarduera maila kontuan hartuta jokalaria eta azaleraren arteko interakzioa ikusteko.