Mentxu Gal lorategien parkean hobekuntza lanak egiten ari dira
Donostiako Udala mantentze lanak egiten ari da Amarako Mentxu Gal lorategien parkean. Zoladuran eta parkeko bideetan hobekuntzak egiten ari dira. Ordea, parkeko komun publikoetan ez dute ezer egingo. 30 urte baino gehiago daramatzate itxita, eta horrela jarraituko dute. Udaleko iturrien arabera, komunen etorkizuna Easoko trenbidearen hondartza lurperatzeko proiektuak baldintzatzen du.
Izena eta izana
Amarako Easo kalea eta Antso Jakitunaren hiribidea lotzen dituen eremuan dago Mentxu Gal parkea. Mendeurrenaren parkearen zati izatetik, 2015ean izen propioa izatera pasa zen. Urte hartako martxoko udalbatzarrean adostu zuten Mentxu Gal margolariaren omenez, haren izena jartzea. Lorategien eta bertako komunen historia luzeagoa da. Ancora elkartekoen ustez 1945-50 urte bitartean eraiki zen. Irekita egon ziren denbora ez dago argitzerik.
Jakina dena da duela 30 urte pasa itxi zituela udalak, eta ordutik ez dute inolako erabilerarik izan. Nolanahi ere, 2011ko abenduan Amarako Gazteak izeneko taldeak komunak okupatu eta txukundu zituen auzotarren eskura jartzeko. Ordea, udalak berriz ere ixtea erabaki zuen. Parkea bera ezaguna da bertan hazten diren zuhaitzengatik, eta bereziki, gereziondo japoniar batengatik. Eguzki taldeak teoria bat du horren inguruan. «1935ean Hirohito enperadoreak edo Tokio hiriak, iturrien arabera, hainbat gereziondo oparitu zizkion Donostiari. Bada, horietako bat omen da Mentxu Gal lorategikoa».