San Bartolome muinoko merkataritza gunea ez onartzeko eskatu dute
Ba Gera eta Dendartean merkataritza elkarteek, eta Erdian Bizi auzo elkarteak alegazioak aurkeztu dizkiote Plan Bereziari. Erdialdeko saltoki txikiak kaltetu ditzakeela salatu dute, eta eremuko lanek herritarrengan eragin «negatiboa» izango dutela.
Muinoa barrutik hustu eta merkataritza gune bat jartzea aurreikusten du San Bartolomeko Hiri Antolaketarako Plan Bereziak. Horrekin batera, eremuan integraturiko parke bat eta txandakako aparkaleku bat eraikiko dituzte. Donostiako Udal Gobernuak abendua bukaeran eman zion hasierako onarpena plan bereziari, eta hiriko hainbat eragilek alegazioak aurkeztu dizkiote. Hala nola, Ba Gera eta Dendartean merkataritza elkarteek eta Erdialdeko Erdian Bizi auzo elkarteak.
Proiektuak aurreikusten duen merkataritza gunea ez egiteko eskatu dute. «Magalean aurreikusten diren beirazko egiturek ez dute magalaren integrazioa lehenesten, merkataritza gunearen barrualdea ikustea baizik», nabarmendu du Ba Gera elkarteko Lourdes Lazarok. Era berean, merkataritza guneak inguruko saltoki txikiak kaltetu ditzakeela salatu dute elkarteek. «Metroaren geltokia hain gertu egoteak merkataritza gunean kontsumitzea sustatuko luke», gaineratu du Lazarok. Bestalde, adierazi du San Bartolomeko planean ez dutela aztertu proiektuak inguruko merkataritzan izan dezakeen eragina.
Plan Bereziak herritarren «bizi kalitatean eta Donostiako iraunkortasunean» eragin «negatiboa» izango duela ohartarazi du Erdian Bizi auzo elkarteak. San Bartolomeko merkataritza gunearen proiektuarekin kezkatuta daudela adierazi du elkarteko kide Antxon Santamariak: «Herritarrengan eragin handia izango du. Batetik, zarata handia eragingo lukete lanek, eta, bestetik, lurrak mugitzeko faseak soilik urtebete iraungo duela esan dute. Horrek zarata, kutsadura, zikinkeria eta bestelako oztopoak ekarriko ditu», azaldu du Santamariak.
Horrez gain, eraikuntza lanek irisgarritasun araudiaren aurka egingo dutela nabarmendu du: «Gaur egun Aldapetako maldak %6,7ko desnibela du, eta merkataritza gunea eraikitzeko eremua lautu beharko dutenez, desnibela %8,8ra handituko litzateke. Hori araudiaren kontrakoa da».
Aparkalekuaren kontra
Autoentzat 200 leku eta bizikletentzat 247 izango ditu San Bartolomeko aparkalekuak. Ba Gera, Dendartean eta Erdian Bizi elkarteek adierazi dute ez dela beharrezkoa, eta auzoko kutsadura areagotuko lukeela. «Erdialdeko trafikoa gutxitzeko ahaleginak egiten ari diren garai hauetan aparkaleku hau kontraesankorra da», adierazi du Santamariak.
Kalapie Hiriko Txirrindularitza Elkartea ere aparkalekuaren kontra dago. Beraien ustez, txandakako beste aparkaleku batek ondorio kaltegarriak izango ditu Amara eta Erdialdeko zirkulazioan, eta auzo horietako eta inguruetako kutsaduran. Horrekin batera, Donostiako udal talde guztien jarrera kritikatu dute. «Alderdi politiko bakar batek ere ez du erreakzionatu gure hiriaren mugikortasunaren etorkizuna baldintzatzen duen erabaki horren aurrean».
Aurreko udal gobernuaren ardura
Hedabide hau udalarekin harremanetan jarri da alegazioen inguruan galdetzeko, eta udaleko iturriek nabarmendu dute proiektua EH Bildu udal gobernuan egon zen legealdian diseinatu, bultzatu eta onartu zela, hiru atal nagusirekin: «Etxebizitza garapena, garapen komertziala eta aparkaleku publikoa eta pribatua». Horrez gain, zera gaineratu dute: «Proiektu horren garapena gauzatzen ari dira udala eta enpresa sustatzailea. Behin onartuta, ez dago bestelakorik egiterik. Operazioa sostengatu ahal izateko hiru elementuak beharrezkoak dira, bestela bere iraunkortasun ekonomikoa auzitan jarriko bailitzateke».