Esnea biltzeko kanpaina bat egingo du Zaporeak elkarteak
Zaporeak elkartearen prentsaurrekoa, Donostiako Udaletxean. (Argazkia: Inaxio Esnaola) Hilaren 13tik aurrera, Zaporeak elkarteak esnea biltzeko kanpaina bat egingo du Hego Euskal Herrian. Gipuzkoan hasiko dira bilketa egiten, eta martxoaren 23an Donostiako hiru lekutan egongo dira esnea jasotzen eta dirua biltzen: San Martin merkatua, Benta Berriko Super Amara eta Isabel II.a etorbideko Super Amara. Goizeko 10:00etatik 20:00etara egingo dute bilketa. “Garrantzitsua da esnea, behi esne osoa izatea, iraungitze data luzekoa, tetabrikean. Bereziki azpimarratu nahi dugu hori esnea iraungita irits ez dadin”, adierazi du Zaporeakek.
Donostian ez ezik, Zarautz, Usurbil, Oñati, Aretxabaleta, Arrasate, Aramaio, Beasain eta Legazpin ere bilduko dute esnea hilaren 23an. Leku eta ordutegi zehatzen berri Zaporeaken webgunean eta sare sozialetan emango dute. Hilaren 27an Arabako bilketa hasiko dute, apirilaren 10ean Nafarroakoa eta apirilaren 24an Bizkaikoa.
Lehorreko banaketa
Grezian janaria prestatzen eta banatzen jarraitzen du Zaporeak elkarteak. Lesbos uharteko Kara Tepe errefuxiatuen esparruko iheslariak laguntzen ari dira. “Moriako sutearen ondoren, gure lan egiteko modua berrantolatu behar izan genuen, egoera bestelakoa baitzen. Bost hilabete hauetan, egoerak okerrera egin du esparruetan eta COVID-19a tarteko, pertsona errefuxiatuen elikadura premiak areagotu egin dira”, azaldu dute. Dagoeneko hasi dira lehorreko elikagaiak banatzen Kara Tepen dauden 7.200 errefuxiatuei.
“Abendutik martxora bitartean, hilean behin banaketa hori egin dugu. Orain, horretaz gain, astero esnea eta fruta helarazi nahi diegu kanpalekuko biztanleei gabezia nutrizional handiak baitituzte. Horrela, 7.200 lagunei astean behin janari osagarriko poltsa bana banatuko diegu, honela antolatuta: hileko lehenengo hiru astetan fruta eta esnea banatuko dugu, eta, azkenekoan janari lehorrez osatutako elikagai sorta zabal bat”, nabarmendu dute.
Esne eta fruta banaketa bakoitzeko kostua 7.070,8 eurokoa da, eta banaketaren iraupena hamabi astekoa izanik, gastua guztira 84.849,6 eurokoa da. Horrez gain, errepide bidezko esne garraio bakoitza Euskal Herritik Lesbosera 6.000 eurokoa da.


