Txara 1 egoitzako langileek bizi duten ziurgabetasun egoera salatu dute
Gipuzkoako Foru Aldundiak Intxaurrondoko eraikineko bizikidetza unitateak mantenduko ditu. Dena dela, ELA sindikatuak ohartarazi du zerbitzua eteteko asmoa zuela aldundiak. Mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzen dituzte zentroan.
Martxoaren 1ean jakinarazi zieten lanik gabe geratuko zirela. «Enpresak adierazi zigun kontratua martxoaren 31n bukatuko zela, eta Gipuzkoako Aldundiak ez zuela zerbitzua mantentzeko asmorik», azpimarratu du Ainara Serranok. Intxaurrondoko Txara 1 bizikidetza unitateko langileetako bat da, eta pasa den hilaren 3ko mobilizazioetan parte hartu zuen. Hain zuzen ere, Txara 1 egoitzaren itxiera salatzeko elkarretaratzea egin zuten langileek, ELA sindikatuarekin batera. Aldundiak, ordea, egun berean ziurtatu zuen zerbitzua mantenduko zuela.
Bizikidetza Unitateak izeneko aldi baterako enpresa elkarteak kudeatzen du Txara 1 erresidentzia. «Enpresak diputazioarekin presazko bilera bat egin zuen, eta dena gaizki ulertu bat izan zela adierazi zieten», azaldu du Serranok. «Kontratua luzatuko dute egoitzan egin behar dituzten lanak hasi arte. Orduan, unitateak lekualdatuko dituzte. Ez dute argitu noiz izango den. Enpresari ziurtatu diotena da erabiltzaileak eta langileak elkarrekin eramango gaituztela beste leku batera».
Hamasei langile ditu egoitzak, eta mendekotasun egoeran dauden hemezortzi pertsona artatzen dituzte. «Eraikineko azken hiru solairuetan lan egiten dugu, eta une honetan hamabost erabiltzaile ditugu», esan du Serranok. Zerbitzua hobetzeko berrituko dute egoitza, baina duela bi urte hasi behar zuten lanekin. «Ez dakigu noiz hasiko diren. Etengabe atzeratzen ari dira, eta ez dakigu zergatik. Asmoa da eraikina barrutik berritzea».
Bilera eskaera
Txara 1 egoitza aurrean elkarretaratzea egin ondoren, eta lanean jarraituko dutela adierazi dieten arren, aldundiaren bilera bat egin nahi dute langileek. «Ordea, ez dakigu zeini eskatu behar diogun. Ez dakigu zein den gure zerbitzuarekin lotura duen aldundiko arduraduna. Dena dela, ez dakigu gurekin bildu nahi izango duten. Langileekin ez dira biltzen. Guk azalpen bat nahi dugu gertatu den gaizki ulertuaren ingurukoa», nabarmendu du Serranok.
Kontratua berrituko dietela ziurtatu arren, kezkatuta daude langileak. «Gure bizitza kolokan jarri zuten pasa den astean. 60 urtetik gertu daude hainbat lankide, eta lanik gabe geratzeko beldurra dute. Egia esan, agintariei ez zaie axola langile bakoitzaren errealitatea», dio Serranok. Apirilaren 1ean lanera joaten diren arte kezkarekin biziko direla gaineratu du. «Zaintza sektoreko murrizketak ikusita, ziurgabetasun egoeran bizi gara».
Aldundiari kritika
ELA sindikatuak aldundiaren jarrera «kontraesankorra» salatu du. Otsailaren 26an Gizarte Politiketako sailak berak ohar baten bidez adierazi zuen Txara 1 egoitzako kontratua ez zuela berrituko. Orain, ordea, kontrakoa adierazi du aldundiak, eta apirilaren 1etik aurrera zabalik jarraituko du Txara 1 zentroak.
Bestalde, ELAk aldundiaren komunikazio eta gardentasun falta kritikatu du. «Hiru aldiz deitu diegu eta ukatu egiten digute bilera eskaera. Dakigun guztia enpresak langileei esandakoa da, aldundiak ez baitigu ezer esaten», adierazi du Aimar Etxeberriak, ELAko Donostiako Erresidentzien arduradunak.