Egiako boluntario sarea astelehenean hasiko da etxegabeentzako janaria banatzen
Etxerik gabeko pertsona bat, kutxazain batean lotan. (Argazkia: Joseba Parron San Sebastian) Donostiako Harrera Sareak hala eskatuta, joan den astean, etxerik gabeko pertsonei egunero afari beroa eramateko boluntario sare bat osatzen hasi ziren Egian, eta astelehenean hasiko dira janari banaketak egiten.
Hain zuzen, sarean izena eman zuten 20-25 lagun elkartu ziren asteazkenean Egiako Txoko Internazionalistan, eta astebeterako txandak osatu zituzten. Era berean, Whatsapp talde talde bat sortu dute, datozen asteetako txandak osatzen joateko. Egunero, bi boluntariok kozinatuko dute afaria, eta beste bik beraiekin bat egingo dute janaria banatzeko; Blas de Otero plazan emango diete afaria etxegabeei.
Egitasmora batu nahi izanez gero, egiazaintzasarea@gmail.com helbide elektronikora idatzi behar da, boluntario sarea kudeatzen ari diren herritarrekin harremanetan jartzeko.

