Udal gobernuak aurrekontu proposamenari aurkezturiko zuzenketa guztiak baztertu ditu
Udal gobernuaren eta Elkarrekin Donostiaren arteko bilera. (Argazkia: Elkarrekin Donostia) EAJren eta PSE-EEren udal gobernuaren 2021eko aurrekontu zirriborroari 248 zuzenketa partzial aurkeztu zizkion oposizioak. Gaur goizean, Ogasun batzordea egin dute udaletxean, eta zuzenketa horiek guztiak baztertu ditu udal gobernuak. Baita ere, udal gobernuak berak aurkezturiko hiruak.
Hilabete bukaera bitarte negoziatzeko prest agertu da udal gobernua, eta horretarako borondatea berretsi du Jaime Dominguez-Macaya Ogasun zinegotziak. Horretarako, ordea, baldintza bat jarri dute: EH Bilduk eta Elkarrekin Donostiak osoko zuzenketak erretiratzea. Hilaren 31n egingo dute aurrekontuen ezohiko udalbatzarra.
Elkarrekin Donostiak Eneko Goia alkatearen jarrera negoziatzailea “zalantzan” jarri du. “Hiru astez isilik egon ostean, prentsaren bidez beraien baldintzen berri izatea ez da serioa”, adierazi du Aitzole Araneta bozeramaileak. Dena dela, akordioak lortzeko denbora dagoela gaineratu du.
114 zuzenketa aurkeztu zizkion EH Bilduk (22.587.000 euroko gastua), 117 Elkarrekin Donostiak (7.128.200 euro) eta 17 PPk (7 milioi euro). Udal gobernuak ere hiru proposamen aurkeztu zituen (2,3 milioi euro), baina ez ditu onartu horien inguruan negoziatzen jarraitzeko.


