Hogei ideia inguru aurkeztu dituzte auzotarrek
Txomiñeneko Lanberri auzo elkarteak udalaren 2022-2023ko aurrekontu parte hartzaileen prozesuan parte hartu du. Udalarekin eta auzotarrekin bilera bana egin dute proposamenen zerrenda bat osatzeko. Gustura daude egindako ekarpenarekin.
Txomiñeneko sarreran anbulatorio berria jartzeko eskatu dute auzotarrek, besteak beste. (Argazkia: Beñat Parra)Beñat Parra Donostiako Udalak datozen bi urteetarako aurrekontu parte hartzaileen prozedura abian jarri zuen otsailean, eta auzoetako proposamenak jasotzen ari dira. Martxotik ekainera bitarte iraungo du prozesuak. Txomiñeneko Lanberri auzo elkarteak pasa den ostegunean bi bilera egin zituen. Bata udalarekin aurrekontu parte hartzaileen harira, eta bestea Txomineko bizilagunek beraien ideia zein proposamenak jasotzeko.
Auzotarrekin egindako bileran hogei ideia inguru jaso zituzten . «Batzuk ezin dira sartu aurrekontu parte hartzaileen prozesuan, diru kopuru handia delako edo ez direlako udalaren eskumenekoak», azaldu du Moises Alvarok, Lanberriko kideak. Hain zuzen, gehienez 300.000 euroko aurrekontua dute proposamenak egiteko. Auzotarren eskaeren artean, nabarmentzekoak dira ekipamenduak –anbulatorio berria, kiroldegia, kultur etxea–, auzoaren mantentze lanak eta hirigintzarekin loturiko ideiak.
Auzo kalitatea eta bizilagunen arteko harremanak sustatzeko ideia politak jaso dituztela adierazi du Alvarok. Horiek hiru alorretan sailkatu dituzte: «Lehenik, Urumea ibaia eta inguruei balioa emateko ideiak; ekintzak, txangoak txalupan ibaia ezagutzeko, ibaiaren interpretazio zentroaren ideia berreskuratzea eta ibai parkean hobekuntzak egiteak. Bigarrenik, auzoko haurtxokoa eta auzo elkartearen lokalaren funtzionalitatea hobetzeko hainbat lan, leku mugatua delako. Eta hirugarrenik, auzoaren historia eta ondarea ezagutzeko azterketa lana egitea, gero zabaltzeko, batez ere, bizilagun berrien artean».
Txominen egiten ari diren lanen inguruko kexa asko jaso zituzten bileran, eta ekipamendu falta ere azpimarratu zuten. «Oso normala da. Txomiñenera jende gaztea etorri da bizitzera. Bestalde, adinekoentzako guneak sortzeko beharra ere aipatu zuten auzotarrek, bazterturik ez sentitzeko», dio Alvarok.
Balorazio ona
Udalarekin izandako bileraren balorazio ona egin du Alvarok. «Ondo iruditzen zait horrelako egitasmoak bultzatzea, herritarren eta udalaren arteko harremana hurbiltzeko aukera ematen duelako. Gainera, proposamen zehatzak egiteko aukera dago, auzo elkartearen lana ere bultzatzeko».
Dena dela, prozesuak bere mugak ere badituela azpimarratu du Alvarok: «Diru kopuru zehatza, gaiak mugatzea, eta bozketa sistemak auzo handiei mesede egiten die. Hau pixka bat etsigarria izan daiteke. Beraz, egitasmoa ona da, baina ez da onena. Herritarren parte hartze hartze prozesuen zati txiki bat izan behar da, baina kultura hau sustatzeko pauso polita izan daiteke».


