Estrada zapata denda omendu dute txistulariek eta dantzariek
Esther Estrada eta bere zapata denda omendu dituzte. (Argazkia: Donostiako Udalaren Txistulari Taldea) Laurogei urtez euskal dantzariei emandako zerbitzuagatik omendu zuten atzo, Parte Zaharreko Estrada zapata denda eta Esther Estrada haren jabea. Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak igande goizetan egin ohi duen ibilaldian geldialdi berezia egin zuten Estrada denda aurrean, Portu kalean. Eskolako dantzariekin batera, agur berezia egin zioten. Ohorezko kontrapasa eta Alpargatak urratuta piezak jo eta dantzatu zituzten.
“Esther bera gaztetatik dantzaria izan da, dantza soltean hainbatetan txapelduna izan zen, eta agian horrek erraztu dio dantzariekiko sentsibilitate berezia izaten”, adierazi du txistulari taldeak ohar baten bidez. Hain zuzen ere, Esther Estrada Eskolako dantzaria izan zen.
Omenaldia biribiltzeko, lore sorta bat eta Rafa Gorrotxategi gozogileak bereziki egindako txokolatezko espartinak eta dendaren irudia eman zioten Estradari.
IRUTXULOKO HITZAk Estradarekin hitz egin zuen iazko azaroan.



