Euskaltegietako ikasleen bi herenak emakumeak dira Donostian
HABEk emandako datuen arabera, 4.551 pertsona aritu dira euskara ikasten Donostiako euskaltegietan 2019-2020 ikasturtean, aurrekoan baino 235 ikasle gehiago. Orain indarrean dagoen ikasturteko datuak oraindik ez dira osoak, ekainera arte aldaketak egon daitezkeelako kopuruan. Udan 2020-2021eko datuei erreparatuko diegunean, baliteke ikasle kopurua murriztu izana.
Hala ere, zenbait datu interesgarri eskaini ditu HABEk. Generoari dagokionez, 2019-2020 ikasturtean Donostiako euskaltegietan ikasitako ikasleen %66,95 emakumeak dira, hau da, ikasle guztien bi herenak. Gizonak, berriz, %32 inguru dira. Ez emakumea ez gizona ez diren hiru ikasle izan dira 2019-2020 ikasturtean.
Aurreko asteko astekarian Donostiako euskaltegiei buruzko erreportaje interesgarria egin dugu, eta Urrats, AEK eta Hitzez euskaltegietako arduradunen arabera, nabarmen handitu da online ikaskuntzako eta autoikaskuntzako eskaria, nahiz eta ikasleen gehiengoak aurrez aurreko klaseak lehenesten dituen. 2019-2020 ikasturteko datuek hori berresten dute. Izan ere, HABEren datuen arabera, Donostiako euskaltegietako ikasleen gehiengoak aurrez aurreko klaseak izaten ditu (%68,58ak), eta ikasleen %29,7ak egin zuen autoikaskuntzaren alde (aurreko ikasturtean baino ikasleen %6 gehiagok).