"Donostia oparoaren mitoa erori da", hiriko 25 eragileren arabera

Gaur goizean prentsaurrekoa egin du Donostiako Eskubide Sozialen Kartak. (Argazkia: Mikel Elkoroberezibar Beloki) Gaur goizean prentsaurrekoa egin du Donostiako Eskubide Sozialen Kartak. (Argazkia: Mikel Elkoroberezibar Beloki)

Donostiako 25 eragilek udal politika publikoen “norabide aldaketa” eskatu dute, gaur goizean Donostiako Eskubide Sozialen Kartak egindako prentsaurrekoan, eta “gizartearen ongizatea erdigunean izango duten politika ekonomiko eta publikoak” egitea exijitu diote udalari. Izan ere, “egiazko inolako aldaketarik egiteko borondaterik ez duen aurrekontu politika” egiten jarraitu izana salatu dute, eta Donostiako “hiri-krisiaz” jardun dute: “Turismoaren sektoreak hondoa jotzean, sektoreko enplegu prekarioaren ondorio okerrenak sufritzen ari gara: ostalaritza eta merkataritza, ehunka langileren etorkizuna kolokan dago. Oro har, azken hilabeteetako Donostiako langabezia igoera kezkagarriak 2008tik eragindako bazterkeria eta pobretze prozesua azkartu du. Donostia oparoaren mitoa erori da, alegia”, adierazi dute eragileek.

Donostiako Eskubide Sozialen Kartak eta hamaika eragilek zortzi eskakizunez osaturiko manifestua sinatu dute, eta eskari horiek 2021eko aurrekontu bidez bermatzea eskatu dute.

Lehenik, babes sozialerako inbertsioa “nabarmen” handitzea eskatu dute: “oinarrizko gizarte zerbitzuak indartu, publifikatu, remunizipalizatu eta doakotasuna eta unibertsalak izatea bermatu” behar direla esan dute, batetik; baliabide instituzionalak handitzea exijitu dute, bestetik.

Bigarrenik, etxebizitza eskubidearen alde egin dute, eta alokairuaren prezioa mugatzea eta etxegabetzeak etetea eskatu diote udalari, besteak beste.

Hirugarrenik, udalak “trantsizio ekologikoaren alde” pausuak emateari garrantzia eman diote eragileek: Zubietako erraustegia gelditzeko, “pobrezia energetikoarekin amaitzeko neurri eraginkorrak” burutzeko, eta energiaren banaketarako udal-entitate publiko baten sorrera eskatu dute.

Laugarrenik, mugimendu feministaren aldarriari erantzunez, berdintasun alorrean murrizketarik ez egiteko eta indarkeria matxistaren aurkako baliabideak handitzeari lehentasuna emateko exijitu diote udalari, baita Emakumeen Etxe “berri eta handiago bat” ere, “lehenbailehen”.

Bosgarrenik, “proiektu handi eta ezbeharrezkoak” bertan behera uzteko eta dirua behar sozialetara bideratzeko eskatu diote udalari. Metroaren eraikuntza eta AHTaren proiektua eteteko, eta surf parkerik ez egiteko eskatu dute. Loiolako kuartelei dagokienez, “Donostiaren desmilitarizazioa beharrezkoa” dela uste eragileek, eta militarrei emango zaien dirua zeharka gastu militarrera bideratuko dutela salatu dute.

Seigarrenik, “bestelako ekonomia indartsu, iraunkor eta anitzago bat” aldarrikatu dute, eta “balio sozial erantsia duten sektoreak eta lan duina duina sortzen dutenak” lehenesteari eman diote garrantzia.

Zazpigarrenik, kultur eskaintza zabaltzeko eta Donostiaren euskalduntzea sustatzeko eskatu diote udalari.

Azkenik, udalaren aurrekontu parte hartzaileak “nahikoa” ez direla esan dute, eta erabakiguneak “deszentralizatzea” exijitu dute, “herritarron zuzeneko parte hartzea sustatzen duen aurrekontu politika parte hartzailea egitea”, alegia.

Donostiako udal gobernuak onartutako aurrekontuak salatzeko eta zortzi eskakizun horiek exijitzeko, martxoaren 31n mobilizazioa egingo dute, 10:00etan, Ijentea kalean. Eskakizun horiek egin dituzten 25 eragileak honakoak dira: Bake-Ekintza Antimilitarista, Gaurgeroa, Erraustegiaren Aurkako Mugimendua, Belartza 2 Gelditu, Haritzalde, Eguzki, Satorralaia, Piztu Donostia, Orain Ardura, SOS Arrazakeria, Hiritarron Harrera Sarea, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Intxaurrondoko Talde Feminista, Donostiako Bilgune Feminista, Ernai, Bizilagunekin, Hondarpe auzo elkartea, Parte Zaharrean Bizi auzo elkartea, Egia Bizirik auzo elkartea, SOS Ostalaritza Donostia, Uliako Lore Baratzak, ELA, LAB, Steilas eta ESK.

HITZAkide HITZAkide