Euskaltegiei bultzada eman diete Alderdi Ederren
AEK-k Bultza euskaltegiak! Bultza euskara! egitasmoa abiatu zuen otsailean, aurten egitekoa zen 22. Korrika atzeratu ostean. Martxoaren 28an Euskal Herriko hainbat tokitan Bultza euskaltegiak! ekitaldi xumeak egingo zituztela iragarri zuten, eta Donostiakoa Alderdi Ederren izan da. Udaletxearen aurrean AEK-ko ikasle zein irakasleak eta hainbat herritar elkartu dira.
Maider Arregiren bertsoak eman dio hasiera ekitaldiari. Bitartean, Maialen Arozena graffitia bukatzen aritu da bukaerako talde argazkian erakusteko. Ondoren, AEK-ko ikasleek hartu dute hitza euskaltegiek orain arte egindako ibilbidea gogoratu eta duten garrantzia azpimarratzeko.
Musikak ere bere tartea izan du. Euskal Herrian euskaraz kantua abestu dute Sua eta Janitz Enparantzak, eta aurrez aurre zituztenek bat egin dute beraiekin. Gainera, bozgorailuetatik Bultza euskaltegiak! bertso-rapa ere entzun ahal izan da. Bukatzeko, berriz, talde argazki jendetsua egin dute udaletxe aurrean, osasun neurriak behar bezala beteta.