Anoeta estadioko gaztelekuaren eta haurtxokoaren lokala egokitzeko proiektua onartu du udalak
Donostiako Udalak onartu du Amara Berriko gaztelekua eta haurtxokoa Anoeta estadioko erdiko sotoan jartzeko proiektua. Une honetan, zerbitzua auzoko Ferrerias plazan ematen ari dira. Ordea, behin betiko lekua Ernest Lluch kultur etxean izango dute. 556.036 eurokoa da aurrekontua.
Haurtxokoa 5-11 urte bitarteko haurrentzako aisialdirako gunea izango da. Eremu irekia izan arren, hainbat gune desberdinak antolatu dira: jolasgunea (ping pong eta futbolina), jokoetarako etxetxoa, antzeztoki txikia, lurrean jolasteko gunea (puffak, koltxonetak…) eta tailerrentzako eta mahai-jokoetarako gunea. Gainera, hormetan entxufeak jarri dira telebistak, musika aparatuak, ordenagailuak eta abar erabiltzeko. Honetaz gain, Haurtxokoak bere komunak ditu, haurren beharretara egokituak (konketa baxuagoak, pixatoki baxuagoak…).
Gaztelekua, aldiz, 12-17 urte bitarteko nerabeentzako aisialdirako gunea izango da. Eremu ireki honetan hiru eremu bereizi dira: ordenagailuen eremua (lau postu finko eta ordenagailuak, telebista, bideo-kontsolak, puffak eta abar konektatzeko entxufeak), jolasgunea (ping pong eta futbolina) eta tailer-eremua harraska batekin. Gaztelekuak, gainera, biltegi txiki bat izango du barruan.