Saharako komunitateak Donostiako Aberri Eguneko ekitaldian parte hartuko du
Igandean, apirilaren 4ean, Aberri Eguna keinu bat batera eginez ospatzea proposatu du Euskal Herria Batera herri ekimenak. Euskal herritarrei, eragileei, alderdiei eta sindikatuei luzatu diete deialdia hiri eta herrietan bat egiteko egitasmoarekin. Donostiako ekitaldia Bulebarrean izango da, 12:00etan. Duela bi aste eman zituzten xehetasunak, Konstituzio plazan.
Donostiako ekitaldiak berezitasun bat izango du. Saharako komunitatea Aberri Eguna elkarrekin ospatzera gonbidatu dute, eta mezu bat irakurriko dute. Keinua batera egiteko hiru abesti kantatuko dituzte: Txoria txori, Gernikako arbola eta Ikusi mendizaleak. Horrekin batera, bertsolariek parte hartuko dute ekitaldian, eta bukatzeko, plaza dantza bat egingo dute.
Horrez gain, igandean 12:30ean, ikus-entzunezko seinale bat emango da irrati, tokiko telebista eta sareen bidez, eta herritarrak kantuz elkartzea izango da helburua. Seinale hori edozein tokitatik jarraitzera animatu dituzte herritarrak, eta baita herri eta auzoetako plazetan elkartzera ere. “Herriko musikariekin kantaldiak antolatzeko deia egiten dugu, beti ere COVID-19ak ezartzen dituen osasun eta segurtasun irizpideak zorrotz betez”, adierazi dute sustatzaileek.