Euskal Herriko Itzulia Donostiatik pasako da ostiralean

Bilbon abiatu zen atzo Euskal Herriko Itzulia, eta bosgarren etapan tropelak Donostia zeharkatuko du. Hori ostiralean izango da, hilaren 9an. Hondarribian hasiko da bosgarren etapa, eta Ondarroan bukatu. Hirugarren mailako hiru mendate igo beharko dituzte etapa honetan, eta tarteko bi sprint egongo dira, baina azken 25 kilometroak lauak izango dira.
Aurrez, ordea, beste hiru etapa izango dituzte txirrindulariek. Gaur, Zalla eta Sestao artean ibiliko dira, Bizkaiko Ezkerraldean. Etzi, berriz, Arabako Amurrio eta Laudio artean. Ostegunean, Gasteizen hasi eta Hondarribian izango dute helmuga. Ostiralekoa da Donostiatik igaroko dena, eta seigarren eta azken etapan Arrateko (Eibar) igoera klasikoa egingo dute, Ondarroatik hasita.
Aurten Emakumezkoen Itzulia ere egitekoak zen –maiatzaren 14tik 16ra–, baina antolatzaileek bertan behera uztea erabaki zuten. “Itzulia Womenen ideia Emakumeen Klasikoa ordezkatzea zen. Izan ere, Frantziako Emakumeen Tourra Klasikoaren data berean jarri behar zutelako antolatzaileek”, adierazi zuen otsailean OCETAko presidente Julian Erasok.