55 koronabirus kasu positibo Donostian
Eusko Jaurlaritzak argitaratutako datuen arabera, 55 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten atzo Donostian, eta intzidentzia metatuak 268,65era egin du gora. Eremu horian jarraitzen du Donostiak.
Une honetan, 268,65ekoa da hiriko intzidentzia metatua, eta 55 koronabirus kasu positibo atzeman zituzten atzo. Joan den asteazkenean 199,57koa zen intzidentzia metatua, eta atzo 248,92koa. Dena dela, Jaurlaritzak pasa den astean harturiko neurri murriztaileen baldintzetatik urrun dago oraindik. 400dik gorako intzidentzia metatua duten udalerriei itxiera perimetrala ezarri diete, eta ostalaritzaren ordutegia mugatu.
Pandemia hasi zenetik, Donostian 13.262 kasu positibo atzeman dituzte guztira, eta 358 pertsona hil ditu gaitz honek. Birusaren hilkortasun tasa 2,7koa da Donostian.
Hilaren 9tik, Araba, Bizkai eta Gipuzkoa artean ibili ahal da. Horrela ere, gainerako neurri murriztaileek indarrean jarraitzen dute. Hala nola, gaueko mugikortasuna –22:00etatik 6:00etara– eta ostalaritzaren itxiera 20:00etan –esan bezala, baldin eta intzidentzia metatua 400dik gorakoa ez bada–. Horrekin batera, elkartzeak gehienez lau pertsonakoak izan daitezke.
Bestalde, Aste Santuan debekatua egongo da autonomia erkidegoen arteko mugikortasuna. Martxoaren 10ean hartu zuen erabaki hori Espainiako Estatuko Osasun Ministerioak autonomia erkidegoekin batera, eta etxeratze agindua 23:00etara luzatzea ahalbidetu dute.
Intzidentzia osasun eremuka
Intzidentzia metatuak Ondarretan bakarrik egin du behera, eta Intxaurrondon berdin mantendu da. Gainontzeko osasun eremu guztietan egin du gora, eta Parte Zaharra eremu gorrian sartu da.
· Parte Zaharra: 404,62
· Aiete: 328,89
· Ondarreta: 290,81
· Loiola: 299,81
· Gros: 256,65
· Egia: 250,24
· Intxaurrondo: 184,02
· Amara Berri: 199,98
· Altza-Roteta: 183,72
· Amara-Erdialdea: 161,59
· Bidebieta: 138,75
Kasu positibo kopuruari erreparatuz, jarraian ikus daitezke atzoko datuak:
· Amara Berri: 9
· Gros: 8
· Egia: 7
· Ondarreta: 5
· Parte Zaharra: 5
· Altza-Roteta: 4
· Aiete: 3
· Amara-Erdialdea: 3
· Bidebieta: 2
· Loiola: 1
· Intxaurrondo: 1